"Urte hasierako asmoen zerrendetan goi-goian jartzen dut beti sarriago irakurtzearena".

Uste dut oraindik aukera duzuela Lucky filma ikusteko zinema-aretoetan. Istorio ustez xumea kontatzen du: gizon zahar baten egunerokotasuna Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan dagoen herri idor horietako batean. Jaiki eta egunero egiten ditu luzaketa batzuk, kafea edan eta kalera irteten da. Kafetegi batean sartu, eta egunkariko gurutzegrama egiten du. Esnea erosten du herriko denda txiki batean, eta dendariarekin hitz egiten du. Telebistako lehiaketak ere ikusten ditu tarteka, eta gau partean taberna berera joaten da beti bloody mary baten bueltan hango parrokianoekin hitz egiteko. Protagonista, Lucky, zahar-zaharra da, meharra, baina handitasun handia gordetzen du cowboy kapelaren azpian. Tabernako kideei botatzen dien esaldi batekin geratu naiz ni: "badakit, bai, hau guzti hau —eta ni eta zuek, noski— desagertu egingo dela halakoren batean, baina bitartean irribarre egin behar dugu".

Baten bati bost xentimoko gogoeta irudituko zaio, baina gauzak nola dauden ikusita, apur bat zoriontsu egiten gaituzten gauzetan bilatu behar dugu babesa. Horiek dira geratzen zaizkigun arnasgune bakarrak. Horri lotuta, Aleako kolaboratzaile ere baden Mikel Ayllon @maikoxki-k galdera hau egin zidan Hitzen Uberan atari digitalerako prestatu zuen erreportaje baterako (ikus hemen: http://uberan.eus/?gatzetan-gordeak/erreportajeak/item/irakurri-irakurri-madarikatuak): "zergatik irakurtzen duzu?" Eta zera erantzun nion: zoriontsu egiten nauelako. Eta halaxe da, bai. Horregatik, urte hasiera guztietan egin ohi ditugun asmoen zerrendetan goi-goian jartzen dut beti sarriago irakurtzearena. Batzuek kirola egiten dute modu konpultsibo samarrean, besteek dantza egiteko aprobetxatzen dituzte lanaldiak uzten dien denbora apurra. Badago zoriontasuna baratzean aurkitzen duenik ere, aitzurra jo eta su astinduz. Izan zinema-aretoan, antzokian, tabernan, mendian, arte-galerian, parkeko bankuan edo liburutegian, saiatu zaitezte, beraz, zoriontasun-iturri bat aurkitzen, bizitza esaten dioten prozesuari aurre egiteko botika onena (eta bakarrenetarikoa) da-eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide