alea.eus

257

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2017-01-12 13:04   Iritzia

"Gero eta zailagoa egiten zitzaion aldapa txikiena ere igotzea"

Demagun 33 urte zituen neska bat arnasa behar bezala hartzeko arazoak zituela nabaritzen hasi zela duela urtebete. Neska hark oso gustuko zuen mendia, baina gero eta zailagoa egiten zitzaion aldaparik txikiena ere igotzea; ito egiten zen. Itomen hura zerk eragiten zuen jakiteko hainbat espezialistarekin egon zen, eta azkenean otorrino batek zera esan zion: trakea estutzen zion mintz bat zeukala. Lehenengo sintomak sentitu eta urtebetera gutxi gorabehera (abenduaren 12an, zehazki) ebakuntza egin zioten Gurutzetan. Zainketa Intentsiboko Unitatean lau egun eman zituen, morfinaren eraginpean. Oroitzapen lauso samarrak dituen arren, hango langileak oso jatorrak iruditu zitzaizkion; ezin hobeto zaindu zuten. Gustora zegoen han, bai horixe, baina planta-ra joateko unea iritsia zen. Eta orduantxe hasi zen benetako errutina ospitalarioa: otorduak eta botikak ordu zehatzetan hartu beharra, hizketaldia zirujauarekin, lagunen eta senideen bisitak… eta gela ezagutzen ez zuen pertsona batekin partekatu beharra. Dena den, zortea izan zuen, Mungiako emakume ezin jatorrago batekin eman zituen-eta egun haiek. Eskerrik asko bene-benetan Gurutzeko 257. gelatik pasatu zineten guztiei: hango langileei, eta bereziki erizain eta erizain laguntzaileei (izan ere ebakuntza zirujauak egin bazuen ere, haiek zaindu ninduten), lagunei eta senideei (zorionez hasiera-hasieratik izan nuen aldarte ona eta oso gustora hartzen nituen bisitak) eta ospitalean egon ez baina whatsapparen bidez nirekin harremanetan egon zirenei eta nigatik galdetu duten guztiei. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa