Iritzia

Zaintzan irakurle

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2024ko mar. 8a, 08:00
Argazkia: 'Venus en las tinieblas'

Zergatik ote horrenbesteko arrakasta genero honek garaiko emakumeen artean?

Zaintza erdigunean jarri eta jarduera horren inguruko gogoetak eta aldarrikapenak izango ditugu hizpide egun hauetan. Zaintzari buruz gogoetan hasten naizenean, konturatu orduko, ni neu zaintza arduretan ibili izan naizeneko bizipenak etortzen zaizkit burura. Sakon eragiten gaituen bizipenez osatutako jarduera baita, ezinbestean.

Denbora da burura datorkidan lehen elementua, egote eta itxaronaldi luzeez osatutako zaintza saioak, irakurketa tarte interruptus-ekin arintzen saiatu izan naizenak. Eta, tarteak izango direla jakinda, ipuin liburuak dira nire helduleku.

"Emakumeek genero fantastikoari hauspoa eman ziotela azpimarratzen du hitzaurregileak, bai irakurle sutsu baita idazle ekintzaile gisa ere"

Genero fantastiko eta gotikoko ipuinak biltzen dituen antologia bat daukat eskuen artean, tarteka irakurtzeko ezin egokiagoa –Venus en las tinieblas; relatos de horror escritos por mujeres–. Emakumeek idatzitako ipuinak dira gainera. Antologiaren egileek aipatzen dute gaur egun oraindik erreparo asko daudela genero fantastiko eta beldurrezkoan emakumeek egindako ekarpena azpimarratu eta aitortzeko.

Emakumeek genero fantastikoari hauspoa eman ziotela azpimarratzen du hitzaurregileak, bai irakurle sutsu baita idazle ekintzaile gisa ere. Eta, zergatik ote hainbesteko arrakasta genero honek garaiko emakumeen artean? Ba gizarte patriarkalak (sic) eragindako beldurrak, gatazkak eta ezinegonak exorzizatzeko unibertsoa eskaintzen zielako.

Emakume idazle hauetako askok, oztopo eta aurreiritzi franko gainditu ostean, beraien lanak argitaratuta ikusi zituzten, batzuk baita ospe eta errekonozimendua lortu ere. Baina, historia badakigu nork idazten duen, eta literatura gotikoari buruzko lanetan beste asko maltzurki ezkutatuak izan direla aipatzen dute antologiako egileek.

Beno, nire iruzkintxo hau ez da genero fantastikoan sartuko eta hurrengo ipuinari ekingo diot, zaintza eta irakurketa nahastu baitzaizkit, hau idazten dudan ordu-txiki hauetan, ni neu irakurle-zaintzaile-idazle bihurtua.

Irati Iciar.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide