Antropologo domestikoak

Arg: Irati Iciar

"Ez dakigu nortzuk diren; urrutitik behatzen ditugu eta jokoa identifikatzen saiatzen gara"

Iaz itxialdi garaian hasitako ohitura batekin jarraitzen dugu etxean. Arratsaldeetan, 19ak aldera gure "txokoa" zabaltzen dugu: salako eserlekuak mugitu, miradorera begira jarri, garagardo pare bat atera eta musika jartzen dugu. Egunak eman duenari errepasoa egiteaz gain, auzoa behatzen dugu. Ez pentsa zaintza poliziala egiten ari garenik, telebista piztu eta kasurik ez egitea bezala da.

Leihotik, eskuinean kale peatonala ikusten dugu, kale nagusiko etxeen atzean gelditzen den eremua da, parkera ematen du eta auzokoen geraleku da. Zortziak aldera, terrazak apurka-apurka jaso egiten dira eta kalea hustu egiten da.

Azken egunotan fenomeno berri bat deskubritu dugu. Ziurrenez, aurretik bertan egon da baina orain eguna luzatzen hasi den arte ez gara jabetu.

Terrazek libre utzi duten kale zatian, gazte talde bat ikusten dugu. Gazteak direla sumatu daiteke, ibilera, mugitzeko modua eta janzkeragatik, baina nahiko urrun daudenez, ezin gehiago zehaztu.

Baloi batekin jolasean dabiltza: tokeak eman, elkarri pasatu, dribleak, amarruak, saltoak...

Tribu ezezagun bat aztertzen dabilen antropologoa bezala sentitzen gara. Urrutitik behatzen ditugu, eta beraien jokoa identifikatzen saiatzen gara.

Ez dakigu noiz hasten den jokoa ezta noiz amaitzen den ere. Eguna ilundu ahala gazteak itzalak bihurtzen dira, mugimendua bakarrik sumatzen da eta hamarrak orduko, pixkanaka, desagertu egiten dira.

Ez dakigu nortzuk diren, ez nondik datozen. Dakigun bakarra da, arratsaldean, ordu pare batez gustura eta alai ikusten zaiela, arazoak ahaztuta, baloia eta jokoa ardura bakarra.

Eta gu, bitartean, kalea konkistatu duen tribu horri begira gaude, gurasokeriaz zipriztindutako inbidia apur batekin begira, farolak piztean garagardoa amaitu eta afaltzera abiatzen diren antropologo domestikoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide