Erosketa txikiak

Arg: Alea

Ezinbestekoa ez bada, leku itxietara gutxiago joateko irizpidea jarraituta, XXI. mendeko praktika eremitikoak barneratu ditut eta onlinerako joera biderkatu zaidala lasai aitortuko dizuet, baita erosketetarako ere.

Ez imajinatu orain nire bizitza guztia online egiten dudanik, ezta gutxiago ere, baina batzuetan nagi-pandemikoak jota, kalera irtetera behartu egin behar dut neure burua.

Denda eta komertzio txikiaren balio, behar eta onuren panfleto bat ez dizuet egingo, ohartuta eta kontzientziatuta baitzaudete. Orain gutxi gertatutako pasadizo bat kontatu nahi dizuet, aurrez aurreko elkarrekintzaren fenomeno hori, enegarrenez, ilustratu eta indartzeko.

Astean zehar etxetik lanera eta lanetik etxera bizi bagara ere, larunbatetan merkatura joateko ohitura daukagu aspaldanik, Abastos-era, Lakuabizkarratik, egizue kontu.

Besteak beste, badagoelako toki bat, gure kutixia asetzen duena, tratu bikaina eta atseginarekin gainera, ze hoberik?

Saltzaileak euskaraz egiteko aukera guztiak aprobetxatzen ditu. Aurrekoan zenbakiekin trabatu egiten zen "lehen italieraz hitz egiten egon naiz eta orain euskaraz zenbakiak nahasten ditut". "Italiera ere badakizu?" esaten diot nik. "Bai, eta alemana, ingelesa, kanpoan bizi izan zarenean...".

Denda lasai dago eta kontatzeko gogoa sumatu diot, tira egin dut eta hara oparia: Italian bizi izan zirela, bertan ezagutu zuela bere bikotea, alemana, biak margolariak zirela... Artisten bizitza gogorra dela iradokitzen du, ogibidea aldatu behar izan zutela eta "orain hemen gaude, pasta saltzen". Irribarrez kontatu du, tristura ttantta batekin agian, eta niri oparia egin dit: ze istorio ederra.

Hau ez nukeen sekula online lortuko. Bai, merezi izan du honaino etorri izana.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide