Maitasunaren zikloa

"Agian geuk ere ziklo naturalagoak beharko genituzke urteari erritmoa emateko?"

Iraila, ikasturte hasiera (aspaldi bada ere ikasle garaiak atzean utzi genituela), beste ziklo baten hasiera. Urtea antolatzeko ikasle garaiaren zikloa jarraitzeak badu puntu residual bat, niri behintzat, apur bat traba ere egiten didana.

Azken finean, aitortu dezagun, gure bizitza opor egunen arabera antolatzen dugu, ez eguzki edo ilargi zikloen arabera, ez uztaren arabera, ez ikasle jardunaren arabera: zenbat opor egun ditut, zenbat falta dira iristeko, opor egunen aurreko giro zoroa, osteko nagia…

Zikloak markatu behar ditugu, noski, egunerokotasunari erritmoa emateko nolabait. Neu lehena, aste osoan egunero zer egingo duen dakiten control-freak horietakoa naiz.

Agendak eguneratzen nagoen honetan, atentzioa deitu dit irakurtzeak Gorbeia aldea (autoentzat) itxi egingo dela oreinen marrualdiagatik. Hara! Beste ziklo baten hasiera hau ere, maitasunez hasten dutena, gainera (bai, entzun zaitut irakurle, zergatik esan maitasuna sexua esan nahi denean). Naturak markatutako zikloak geldiezinak, atzeratuezinak, besterenezinak dira, guri humanooi, dena antropodoitzea gustuko dugunoi, egoki suertatu ala ez.

Agian geuk ere ziklo naturalagoak beharko genituzke urteari erritmoa emateko? Orain dena naturalago –bio, eko,"jator"– nahi dugunez, gure egutegia ere bioerritmoetara egokitu beharko genuke?

Oporren ondoren egunerokotasuna berrabiarazteko gogoeta hauetan nagoela, tentatuta nago neure zikloa ere maitasunaren arabera markatzera, ea marketing apur batekin gusturago jaikitzen naizen goizean iratzargailuak jotzen duenean. Maitasunaren ziklo hasiera on izan dezazula zeuk ere, irakurle.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide