Itzali argiak

"Urrearen prezioan ordainduko dugu elektrizitatea hilaren amaieran".

Neguan gaude, egunak ilunak dira eta arratsaldean segituan gaua egiten da, ondorioz argiak pizten ditugu. Normala.

Gabonak datoz, etxea dekoratuko dugu eta bonbilatxoak ere piztuko ditugu. Tipikoa.

Kaleen iluntasuna argitzeko eta Gabon garai ustez alaia goxatzeko Gabonetako Argiak jarri dizkigute kaleetan, tope dirdira, kolore eta ilustrazio. Halabeharrezkoa.

Eta garai honetan bertan, argindarraren prezioa igoko digute. Ez xentimo bat edo bi, %30 baizik, ia heren bat! Argindarraren kontsumoa %20 igotzen denean, kasualitatea. Urrearen prezioan ordainduko dugu elektrizitatea hilaren amaieran. Berriz ere, dirua barra-barra elektriketako poltsikoetara.

Energia berdearen aurkako neurri lotsagabeekin gutxi bageneukan, preseski argindar gehien kontsumitzen den garaian prezioak igotzea diruzalekeria gordin eta lohia iruditzen zait. 

Kasualitateak ez dira existitzen –hala esaten digute karmaren jarraitzaileek– eta diruak mundua mugitzen duela badakigu, beraz nahita elektriketako jauntxoen mesedetan hartutako erabakia dela ondorioztatu genezake, ezta?

Baina ba al dugu kontra egiterik? Zer dago gure esku? Kontsumoa jaistea, elementala Watson maitea. Besteak beste, gure kaleak Gabonetako argi ustez alaigarririk gabe ikustea. Halakorako prest gaude? Hona hemen igoera honen alde maltzurrenetakoa: Gabonetako giro bihozbera, eskuzabal eta xahutzailean gertatuko dela. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide