Elkarrizketa koloreztatuak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2017ko mar. 9a, 12:05

"Elkar ulertu ahal dugu euskaraz, nahiz eta biotako batek euskaraz ez hitz egin".

Sarean asko mugitu da eta ziur ikusi duzuela Pello Zubiriak Argian plazaratutako mapa bat: Euskaraz hitz egiteko gai direnak eta ulertzen dutenak batuta da maparen izenburua. Bertan kolore ezberdinez markatzen dira proportzioan biztanleriaren zenbatek ulertzen duen euskara. Orain arte ikusitako mapek ez bezala, euskara ulertzen dutenen kopurua adierazten digu, ez zenbatek hitz egiten duten euskaraz. 

Zergatik da hain interesgarria mapa honetan ikusten duguna? Elkarrizketa elebidunak egiteko aukera erakusten digulako. Ez da betiko "zuk ez dakizu, nik dakit... nik euskaraz eta zuk zergatik ez..." diskurtsoa. Kontrakoa, ate bat irekitzen du: elkar ulertu ahal dugu euskaraz, nahiz eta biotako batek euskaraz ez hitz egin.

Pellok berak aitortzen du, behin mapa ikusita, Arabak erakusten duen kolorearekin sorpresa hartu duela, bere hitzetan: '"Txundituta Arabak utzi nau: ia osorik urdin (%40-60), Errioxako herri batzuk barne!".

Horrela erakutsita, Arabako populazioaren %40-60 horrekin ez al zaigu ba erraxagoa izango elkarrizketaren lehen hitza euskaraz botatzea?

Mapa honi esker, arabarrok euskaraz bizitzeko beste aukera bat gehiago dugula ulertu, barneratu, hausnartu, sinistu dezakegu eta, bide batez, Arabako euskaldunok "ikusgaiago" –halakorik posible bada– egingo gara, eta ez bakarrik mapan espero ez den kolore batez markatuta agertu garelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago