Exotikoa

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2016ko ots. 14a, 22:20

''Entzun, ze ezin dira saihestu, bortxaz sartzen dira zure belarrietan''

 

Autobusean eguneroko lanerako bidaian noa. Alboko eserlekuetan gizon bat telefonoz hitz egiten ari da, baina aparatua behar ez duen elkarrizketa baten, hain baita ozena bere ahotsa. Ez da ezer ulertzen, Afrikakoa iruditu zaidan hizkuntzaren baten dabil (bere azal ilun-ilunak eraman nau konklusio honetara, ez nire ezagutza linguistikoak). Noizean behin hitz eta esaldi batzuk ingelesez esaten ditu, kolonia ingelesa izandako herrialderen batekoa izango da, ''ze exotikoa'', esan diot neure buruari.
Neu ere exotikoa izango naiz herrialderen baten, telefonoz euskaraz hitz egiten dudanean (ez hain urrun gainera), nire azalaren kolorea edo ohiturak tarteko... Halako pentsamenduetan igaro dut une bat, egunerokotasun monotonoan -lanerako autobus bidaian- kolore apur bat jarri duen gertakari honen inguruan ameskerietan.
Baina tarte batera, dagoeneko ez da hain interesgarria. Nori ez zaio gertatu autobusean altuegi hitz egiten duen elkarrizketa bat entzun behar izatea. Bai, entzun, ze ezin dira saihestu, bortxaz sartzen dira zure belarrietan. Jasanezinak dira, deserosoak, are gehiago sesio bihurtzen badira. Oraingoan ere hala izan da... pikutara exotismoa, akabo kolorea. Zer egin orain? Genetikoki lotsatiak garenon kasuan, begirada gaitzesleak -indartsu- botatzea besterik ez zaigu gelditzen.
Azkenean tunelak salbatu nau, hiru kilometroko tunelean ez dago konexiorik, telefonoa behar ez duten elkarrizketa exotikoenak ere mozten ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide