Gogoa eta herra

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2022ko ots. 11a, 08:30
Arg: Arantzabela Ikastola

"Jakin berri dugu euskara ikastea zaila dela, zailenen 'ranking'-ean bosgarrena"

Jakin berri dugu euskara ikastea zaila dela, munduko hizkuntza zailenen ranking-ean bosgarren lekua betetzen omen. Hain zaila ezen 1.295 ordu ikasten eman ondoren, soilik gutxieneko maila bat lor daitekeen, antza.

1.295 ordu, hiru orduko ikastaro bateko erritmoan 432 saio inguru. Astean hiru saio eginez gero, gutxi gorabehera, urritik ekainera bitarteko lau ikasturte oso izango lirateke…

Barkatuko dit Laudioko Udaleko langile ohi horrek, baina ez zait sinesgarri egiten. Bakarrik bi aukera ikusten ditut nik: astean bitan piper egiten zuen euskaltegian edo ez zuen euskara ikasi nahi, ez dago besterik: piperzale ala piperpotoa maite, edo biak batera, akaso.

Gasteizen eta Araba osoan, milaka eta milaka emakume zein gizon aritu dira, eta dihardute euskara ikasten, gehienak gogotsu eta gustura, zenbaitzuk beharrak aginduta; baina, orain arte, inork ez du horrelako argudio sinesgaitzik erabili bere gogo falta edo euskararekiko ezinikusia garbitzeko, justifikatzeko.

Horietako bat, euskara gogotsu ikasi zuenetako bat izan zen hil berri zaigun lagun on baten ama, eta berehala akordatu naiz lagunak kontatutakoaz: nola pasa den mendeko 70. hamarkadan Gasteizen eskolak euskaraz emango zituzten maisu-maistrak, irakasle eta andereñoak, behar ziren bertako ikastoletan, eta nola bere ama eta magisteritza ikasitako beste gazte batzuk uda batean ikastaro trinko batzuk jaso, eta hurrengo ikasturtean Gasteizko umeei eskolak euskaraz ematen hasi ziren.

Hori bai ariketa zaila! Eta hortik aurrera, beren burua jantzi, hizkuntzan trebatu eta euskaldun oso bilakatu ziren, urtetan bertako umeen eredu izateraino.

Euskara zaila?

Gustuko aldapan nekerik ez dagoen bezala, bestelakoetan ere ibili beharra dago bizitza honetan.

Hizkuntzak ikastea gogo kontua izan daiteke; baina hauenganako gorrotorik edo herrarik ez izatea, ingurukoak errespetatzeko modua da, inguratzen zaituen kulturari gutxieneko begirunea agertzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide