Lehendakaria biluzik dago

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2021ko urr. 1a, 10:00
Arg: EITB

"Norbaitek esan beharko lioke zerbait ditxosozko 'egin' horren inguruan"

Andoni Egaña handiak ipini ninduen arrastoaren atzetik duela gutxi; aspaldi zebilkidan buruan bueltaka, baina ausartu ez. Alde batetik, gaiaren interesa ez da esanguratsua, normalean horrelako iritzi zutabe bateko lerroak bete beharko lituzkeena baino arinagoa; eta bestetik, lehendakariaz hitz egitea, tentuz egin beharreko zerbait da beti, tamalez harrizko herri honetan Pølønia gutxi, eta sakristietako seriotasun faltsu gehiegi baitago.

Baina, ze demontre!, Egañak horrelako kontu batekin zutabea osatzen badu, neuk ere egingo dut nire saiakeratxoa, eskasagoa eta kamutsagoa, seguru, hala ere, egin beharrekoa, esanda eta idatzita gera dadin. Lehendakaria biluzik dago, edo hobe esanda: "erabat biluztu egin da", "betiko trajea erantzi egin du", "ezer erantsi egin gabe", "guztiz larrugorritu egin da".

Egañaren aburuz mozkorra borroka nagusitzen ari da gure kaleetan, aldiz Ajuria Enean, eginaren eginez egin egiten omen dira gauzak. Ondo dago goizeko seietan altxatzea, fruta pixka bat jatea eta kafesnea zerealekin gosaltzea, ederto, baina lanari ekin aurretik euskaltegiko apunteak edo Euskaltzaindiaren aholkuak errepasatzen baditugu, txarto ez, ezta?

Ea… herri ez-normalizatu honetan denok dugu euskara kontuetan zer ikasi, birpasatu eta hobetu; baina denok ez gara lehendakari! Izan Ajuria Eneatik pasatutakoak bost ditugu, eta gaur egun lanean, bakarra. Eta inork ez dio esan ezer egin-egin beharrekoaz?

Norbaitek esan beharko lioke zerbait ditxosozko "egin" horren inguruan, oso modu arriskutsuan hedatzen ari baita analogiazko erabilera.

Esandakoa, denok dugu zer ikasi, ez dadila mozkorra borroka hedatu, eta Egin-en ordez Gara dugun bezala, izan gaitezela egiten duguna, eta egin, egin dezagula garenak agindutakoa!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide