alea.eus

Axioprépeia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2015-07-03 02:00   Iritzia

Garai zail hauetan, hitzek gero eta esanahi gutxiago duten ezinegon-une zurrunbilotsu hauetan, duintasun hitzaren bila nenbilen hiztegi ezberdinetan. Lurra egonkor sentitu nahi nuen nire oinen azpian, gaurkoan ez lurrikararik, ezta tsunamirik ere, mesedez. Duintasun hitzak(eta ekintzak, batez ere) uzten duten arrastoei eta aztarnei jarraiki segurtasun bermea bilatzen nuen.

Lurrera eramango duen itsasargi bila marinel erratuak hortzemuga arakatu bezala, nire begiak hiztegietan murgilduta zeuden: duintasuna, dignidad, dignity, würde, dignité, dignità… eta ez zitzaizkidan baleko.

 

Halako batean irratian, hitz sendoak baina zentzuzkoak, gogorrak baina duintasunez beteak aditu nituen. Atenas-eko Sintagma plazatik zetozen eta jendeak oihukatzen zituen: ezin dugu onartu, ezetz esan diogu txantaiari, greziarrek erabakiko dugu gure etorkizuna…

 

Eta jakin nuen zein hiztegi ari nintzen bilatzen duintasuna nola idatzi eta ahoskatzen den jakiteko. Topatu nuen nire hitza. Igande honetan ozen aldarrikatu dut munduan den eta hitzik ederrena dela, etorkizuna bermatzeko hitza, esperantzarako hitza, duintasuna adierazten duen hitza: Axioprépeia.

 

Grekeraz da eta EZ esango dio igandeko erreferendunean Europar Batasunak, Troikak, FMIk eta enparauek greziar herriari egindako txantaiari. Duintasunak eta demokraziak errima gutxi dute herstura eta murrizketekin. Igandean demokrazia jaioterrira itzuliko da: axioprépeia ahoskatuko da.

 

 

 

 

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa