Pentsamendu inbaditzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2024ko api. 14a, 10:00
Argazkia: DAVID MATOS/UNSPLASH

Buruak sei eta zazpi kilo arteko pisua du berez. Hori esaten du behintzat Wikipediak. Bai. Hori pisu fisikoa besterik ez da.

Nire buruak batzuetan triste jartzen nau. Buruak, askotan, amildegitik behera bultzatzen nau; gehienetan buruak kale egiten dit… Burua nire sorbaldaren gainean dago pisu handiz; ondo daki hau minduta dagoen nire lepoak. Edo, agian, minduta, gaixorik dagoena ni neu naiz?

Buruak sei eta zazpi kilo arteko pisua du berez. Hori esaten du behintzat Wikipediak. Bai. Hori pisu fisikoa besterik ez da. Nire egunerokotasunean buruan dauden tartetxo guztiak betetzen dituztenak dira nire buruaren zama, nire buruaren pisu mentala, horiek dira pisutsuenak, eta are gehiago norbere pentsamendu propioak ez direnean, horiek bikoitza! Ez dut esango hainbat momentutan nire burua arin eta libre sentitzen ez dudanik, baina azken garai honetan, maiz, ezinez, leporaino sentitzen naiz. Agian minduta, gaixorik dagoena ni neu naiz?

Nire burua beti dago martxan… Ezin da gelditu. Pentsamendu arinak omen ditut, pisu handikoak baina arinak, arinak eta azkarrak! Azkar mugitzen dira nire burmuinetik, bai nireak eta propioak ez direnak; hauek bai, azkar joaten dira, azkarregi. Agian nik neuk jartzen ditut abiadura handian, nahi gabe. Gogoeta hau idatzi nahi diot nire senari, honek sinets diezadan. Baina nire burmuinak ondo daki ez dela egia. Nahigabeen mozorroen azpian nahi bat dago: abiadura handiz mugitzen diren pentsamenduak gelditzea zaila da, eta are gehiago zure pentsamenduak ez direnean, inbaditzaileak direlako autoktonoak bihurtu dituzunak. Agian minduta, gaixorik dagoena ni neu naiz?

Bai, gaixorik nago. Nireak ez diren pentsamenduen arduraren gaixotasuna dut, nire senaren minbizia da hau. Horrexegatik pentsamenduak ziztu bizian jartzen dira, gehienbat gaixotzen nautenak, inbaditzaileak, alde batetik bestera joaten direnak, geltokirik gabekoak; horrexegatik agertzen dira beti borrokaren lehenengo lerroan etsai baina lagunaren mozorropean...

Gau latza pasa dut gaur, pentsamendu inbaditzaileei geltokia bilatu nahian eta ezinean. Zergatik? Hauen gidaria ez naizelako, nik zabalik uzten dizkiedan buruaren bideak bakarrik erabiltzen dituztelako, azeri…

Nire senaren isiltasuna entzuten laguntzen didate. Isiltasun horren barruan autoktonoak diren pentsamenduak daude nire zain, hantxe, eguzkipean, prest nire buruaren bidetik berriz ibiltzeko, hauen jabeak direlako, eta ederrena, hauen gidari eta geltoki ni naizela jakinda...

Eta zu, gaixorik zaude? 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide