Matthieu Saglio.

"Covid itxialdian ikusi zuen argia Saglioren ibilbidean mugarri den estudioko lanak"

Biolontxeloa musika klasikoari lotutako instrumentua izanik, ez da ohikoa musika-festibal batean ikusmin handiena sortu duen emanaldien artean txelo-jotzaile baten izena topatzea. Baina XXI. mendearen hasieratik gero eta ugariagoak dira giro klasikoaz haragoko soinuak proposatzen dabiltzan txelo-jotzaileak. Horietako bat Matthieu Saglio da. Hain zuzen ere, txelista frantziarrak itxiko du ikasturte honetako Jazz Uhinak zikloa, ekainaren 4an Gasteizko Kontserbatorioan, lauko formatuan eskainiko duen kontzertuarekin.

Matthieu Saglio bide klasikotik trebatu zen txeloarekin Renneseko Kontserbatorioan (Frantzia), baina beste musika estilo batzuk erakarrita, zorroztasun akademikotik ihes egin zuen. 2002an, ingeniaritza agronomoko ikasketek Valentziara eraman zuten, egun bizitoki duen txokora. Garai hartan, mediterranear musikak goraldi betean zeuden Levanteko kostaldean, eta horrek Sagliori bertako hainbat bandatan parte hartzeko aukera eskaini zion, nolabait musikan profesionalizatzea lortuz. Jerez-Texas hirukotearekin flamenko-jazzean murgildu zen; Aman Aman-ekin, L'Ham de Foc folk taldeko musikari bikainekin batera, sefardi musika ondare zoragarria arakatu zuen; beranduago beste fusio-proiektu batzuetan murgildu zen, hala nola Fathi Ben Yakoub biolin-jotzaile marokoarrarekin, edo Diouke taldearekin, Abdoulaye N¥Diaye kora-jotzaile senegaldarrarekin batera.

2015ean hasi zen Alemaniako ACT jazz diskoetxe ospetsuarekin harremana. NESen Ahlam diskoarekin izan zen, Nesrine Belmokh txelista eta abeslari frantziar-aljeriarra buru zuen hirukotearekin, soinu arabiarrak jazzarekin uztartu zituen egitasmoa.

2020ko apirilean, Covid itxialdi betean, ikusi zuen argia El camino de los vientos (ACT) diskoak, Saglioren ibilbidean mugarri izango den estudioko lanak. Oraingoan bere izenarekin sinatuta. Konposizio propioak biltzen ditu, jazzeko eta munduko musiketako izen handien partaidetzarekin, besteak beste, Bijan Chemirani perkusionista irandarra eta Carles Benavent baxu-jotzaile katalana. Gasteizen lagunduko duten konfidantzazko musikariak ere han izan ziren: Steve Shehan (perkusioa), Christian Belhomme (pianoa) eta Leo Ullmann (biolina). Hain zuzen ere, Ullmannen laguntzarekin, Sagliok diskoko kanturik hunkigarriena sinatu zuen, El abrazo, aitona zenari eskainitako agurreko kantu lazgarria.

2021ean, Murtziako San Javier jazz festibalaren antolakuntzak baliabideak eskaini zizkion Sagliori bertan eskaini beharreko kontzertua betikotzeko. Diskoa, kultura ezberdinetako musikari bikainek berrinterpretatuta, gehienbat, El camino de los vientoseko abestiez osaturik egongo zen. Emaitza Live in San Javier izan zen, Matthieu Saglio Quartetek larunbatean Gasteizen defendatuko duen zuzeneko disko bikaina.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide