Berdintasunerantz

"Elementu baztertzaile eta diskriminatzaileek ez dute lekurik Gasteizko jaietan".

Gasteizko Udalak Neska Txikiri izena jartzeko partaidetza-prozesu bat martxan jarri du hiriko neska-mutilen artean. Proposamen honen bidez, Neska Txikik izenik gabeko pertsonaia izateari utziko dio, eta jai barneratzaileagoak lortuko dira.

Andre Maria Zuriaren jaien haurren egunean, abuztuaren 7an, Zeledon Txiki eta Neska Txiki jaitsi ohi dira Espainia plazatik; beste nobedade bat izango da hau, aurten Andre Maria Zuriaren plazatik jaitsiko direlako, familiek leku gehiago izateko enparantza zabalago batean. Zehazki, Zeledon Txiki 1983an jaitsi zen lehen aldiz, eta Neska Txiki, ostera, 2002an.

Kultura zinegotziak eta Gizarte Politiken zinegotziak prentsaurrean berria plazaratu zutenean hiru izen proposatu zituzten: Blanca, Edurne eta Zuriñe. Haur eta Nerabeen Elkargunea osatzen duen foroa hasia da izenaz eztabaidatzen eta gainerako umeek ere parte hartu ahalko dute, iritzia azaldu eta botoa emanez. Gainera, honekin batera, 2018ko Blusa eta Neska kuadrillen diru-laguntza araudiaren zirriborroak berdintasunaren aldeko zenbait betebehar gehitu ditu, besteak beste, jokabide matxistak, arrazistak eta homofoboak baztertzeko bermeak. 

Beraz, nahiz eta aurrerapen txikiak izan, Gasteizko jaiek, haurtzarotik, festa inklusiboak izan nahi dute, berdintasunezko gizarte baten ispilu. Azkenaldiko zenbait neurri jaiak aldatzen ari diren ikur dira. Urtez urte tradizioa eta berritasuna uztartzen dira, baina elementu baztertzaileek eta diskriminatzaileek ez daukate lekurik, eta haurrek antzeman behar dute. Hau da jaien erronka garrantzitsuetako bat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide