Mozorroa kentzen

"Tokiko biztanleek emigrazioa eta arraza aniztasuna pobreziarekin erlazionatzen dute".

Hiztegiek diotenez, "arrazismoa" arrazaren arabera gizabanakoa baldintzatzea suposatzen duen pentsamolde gutxiesgarria da. Kontuan izan behar da, nahiz eta fenomeno berria ez izan, pixkanaka-pixkanaka areagotzen ari den arazo sozial bat dela, baita Euskadin ere. Historian zehar arrazakeria beti eman da era bortitz eta guztiz nabarmen batean, baina gaur egun, arrazismoa, batez ere, isila da, kaltegarriagoa.

Jakina denez, mundu globalizatu batean emigrazioa zabaltzen da, hau da, gizartea tokiko gehienen arrazaz ez ezik, beste arraza batzuetaz aberasten da. Hala ere, kausa sozial, ekonomiko eta politikoengatik bizikidetza ez da beti baketsua eta behar bezalakoa izaten.

Lehenik, kausa sozialei dagokienez, mundu osoan NIMBY edo Not In My Back Yard fenomeno soziologikoa zabaltzen ari da. Hobeto esanda, "ez nire atzeko baratzean" esan nahi duen ingelesezko akronimoak, azpiegitura eta bestelako elementuekiko auzoko erakundeek eta mugimenduek izan dezaketen kontrakotasuna adierazten du. Hau arrazakeriara eramanda, gurtzeko zentroak eraikitzearen edo familia bat auzoan bizitzearen kontrako mugimenduak azaleratzea eragiten du.

Bigarrenik, kausa ekonomikoak kontuan hartuta, tokiko biztanleek emigrazioa eta arraza aniztasuna pobreziarekin erlazionatzen dute. Askotan, bakoitzaren maila ekonomikoa mantentzeko maila baxuetatik aldendu nahian jarrera berekoiak eta zentzugabeak ikus daitezke.

Hirugarrenik, kausa politikoen inguruan, alderdi arrazisten eta xenofoboen gorakada nabarmentzekoa da. Krisi ekonomikoa erabiliz, mezu kaltegarriak eta arriskutsuak zabaltzen dituzte, hala nola, tokikoek kanpokoen erruz lanpostuak galtzen dituztela.

Kausa hauek direla eta, gizartean elkartasunean eman behar den bizikidetza apurtzen da, eta bai etorkinak bai tokikoak gustura ez dauden egoera batean murgiltzen dira. Ondorio bortitz guzti hauek ekiditeko, erakunde politiko eta sozialen parte hartze eraginkorra beharrezkoa da, neurri egokiak aurrera eramanez eta tolerantzia eta akordioa sustatuz. Nolanahi ere, lehenik gizartearen batasuna eta elkartasuna gizabanako bakoitzaren esku dago, pertsona bakoitza bere jarreren erantzule baita.

Beraz, gaur egungo gizarte modernoaren eta bere bizikidetzaren gaitz arriskutsuenetako bat arrazakeria dela esan daiteke, gizartean bertan muga daukana eta, hortaz, gizarteak berak ezabatu ahal dezakeena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide