Iritzia

Santos Iñurrieta

Erabiltzailearen aurpegia Hasier Arraiz 2023ko abe. 15a, 08:00
Santos Iñurrietaren margolana. Irudia: Artium

"Une kontrajarrien isla, ez dut sekula ahaztuko Santos Iñurrietak gau batean egindakoa"

Pasa den igandean lagun batek whatsappa bidali zidan Santos Iñurrieta margolari gazteiztarra zendu zela esateko. Hirurogei eta hamar urte zeuzkala hil zen Iñurrieta.

Nire lagunen artean aski ezaguna da aspaldi-aspaldian Iñurrietak El Correo egunkariari emandako elkarrizketa bat. Hartan berak esan zuen: "Bodeko (Bodegón Gorbea tabernako) komuna denbora- kapsula da, hara sartu eta barruan hamar edo hogei urte eman ditzakezu eta handik irtendakoan denak berdin jarraituko du, musika berberak, tabernari berberak, aurpegi berberek, leku berberetan". Zer esanik ez, nire lagunak eta ni neu hamarkadetan denbora-kapsula horren ohiko erabiltzaile izan gara. Baina dagoeneko, Iñurrietaren hitzek beren zentzua galdu dute, Bode bera aldatu baita eta haren inguruko gehiena ere bai.

"Iñurrietaren Gasteiz hura ere desagertzen ari da eta aitortzen dut hau idazterakoan nire hitzei nostalgia pixka bat dariela"

Beti pentsatu dut 80eko hamarkadan agertutako Gasteiz berri hura, batzuetan anarko-abertzale samarra, beste batzuetan nahikoa euskal punk-a, betiere erradikala, konformagaitza, sarkastikoa eta bere adierazpen gehienetan efimeroa, Vitoria zaharrarenganako erantzun natural gisa jaio zela. Vitoria "nacional-católico" hura hamarkadetan zehar bere baitan gotortuta bizi izan arren, bere ertzetan askatasun lubakiak sortzen hasi zen, gerora hirian zehar zabaltzeko. Une kontrajarri haien isla, ez dut sekula ahaztuko Iñurrietak berak gau batean egindakoa. Berriki ere hil den Agustin Ibarrola margolari ezagunak trenbide-trabes pila bat hainbat modutan margotu eta Gasteizko erdialde osoan zehar kokatu zituen. Iñurrietaren performance-aren funtsa izan zen Ibarrolaren trabesak lapurtzea eta botatzea, nonbait, bere kritika artistikoa egiteko eskubidea baliatuz. Iñurrieta atxilotu eta epaitu zuten PSEko zinegotzi batek "arte ekintza berezia" garatuz bertatik bertara ikusi eta salatu baitzuen. Iñurrietak orduan adierazi zuen bere ekintzaren bidez salatu nahi zuela instituzioek artista gazteak sustatzeko sosik ez ematea, beren lagunei dirutzak oparitzen zizkieten bitartean.

Santos Iñurrietaren Gasteiz hura ere desagertzen ari da eta aitortzen dut hau idazterakoan nire hitzei nostalgia pixka bat dariela. Segituan, ordea, Vitoria gris haren gotorlekua gero eta txikiagoa dela eta haren parean gaur egun sortzen ari garen Gasteiz berri hau anitzagoa, euskaldunagoa, ederragoa dela ohartzen naiz eta nostalgia bera zer den ahaztu egiten zait.

Hasier Arraiz.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide