Ensanche 21eko Alde Zaharreko hiru eraikin okupatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2017ko mai. 2a, 10:03
Irudia: Hala Bedi

Eraikinek sei urte hutsik daramatzatela eta Ensanche 21 elkarte publikoaren azken urteotako hirigintza plana salatu dituzte etxebizitzak okupatu dituzten lagunek.

Hala Bedi irratiak jaso duen ohar baten bidez auzokide berriek azaldu dutenez, badira sei urte udalak Gasteizko Alde Zaharreko hiru etxebizitza bloke berritzeko proiektua amaitu zuenetik. Ensanche 21en hirigintza planaren barruan, gazteei bideratutako hamabi etxe aurreikusten ziren eraikin hauetan -400 hiri osoan-, "gaur arte erabili gabe egon direnak". Udal talde ezberdinen "utzikeria eta gazteonganako arduragabekeria" salatu dute auzokide berriek Hala Bedi irratira bidalitako oharrean, eta gazteei zuzenduak ziren etxebizitzak hutsik ikusi ostean, okupazioaren bitartez "gure kabuz gureak egiteko" hautua egin dute.

Erakundeen eta Ensanche 21en "gentrifikazio politikak" salatu dituzte gazteek. Haien ustez, Gasteizko mapa urbanistikoan "zatiketa soziala" areagotuz eta Alde Zaharra "eskaparate bilakatuz", bertako auzokideak alde egitera bultzatzen dituen etxebizitza arazoaren arduradun zuzenak dira. Aldi berean, "sei urteko blokeoa eta zorra oraindik azaldu ez dituen" Ensanche 21 elkarte publikoak "etxebizitzak 2.290 euro/m2-ko prezioan" saldu nahi dituela salatu du ustelkeriaren kontrako ADI! elkarteak. Gainera, elkarteak azaldu duenez, Ensanche 21ek 111,5 milioi euro zituen kutxan Marotok hartu zuenean alkatetza; legealdia bukatuta, 20 milioi euroko zorra.

Oharraren arabera, apirilaren 25ean, udaltzaingoa Pintore kaleko 20. zenbakira joan zen, "bortizkeriaz eta legez kanpoko" identifikazioak lortu nahian eta bizilagunen "ondasun materialak apurtuz eta lapurtuz". Salatu dutenez, "kasualitatez", okupazioa eman eta egun gutxitara etorri dira "sei urtez blokeaturik" izandako gai honen inguruko lehenengo berriak: hasieran, poliziaren bisita, eta horrekin batera, etxebizitzak zozketatuko dituztela dioten albisteak, hedabide ezberdinen arabera.

Errekaleor Bizirik auzoan edota hiriko beste lekuetan loratzen ari den okupazio uholdearen urrats berri bat iritsi da Gasteizko Alde Zaharrera. Oharrean salatutako guztiaren aurrean "okupazioa tresna eraginkorrena" dela azpimarratu dute, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten gazteen etxebizitza eskubidea bermatzeko eta bizitza eredu berri bateruntz bidea egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide