Arabako aldiriko trena Altsasuraino iristeko lanean

Erabiltzailearen aurpegia Guaixe 2024ko mar. 13a, 12:48
Tren erregionaleko bagoia. Argazkia: GUAIXE (artxiboa)

Eusko Jaurlaritzak Arabako aldiriko tren zerbitzua 2025eko urtarrilean jarri nahi du martxan, Altsasu eta Miranda Ebro artean.

Transferentzien Batzorde Mistoan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hitzarmena sinatu zuten martxoaren 11n, astelehenean. Ondorioz, Gernikako Estatutuak jasotzen dituen beste hiru eskuduntza Eusko Jaurlaritzaren esku gelditu ziren. Horietako bat da aldiriko trenen zerbitzua, gaur egun Renfek ematen duena. Hurrengo egunean Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak jakinarazi zuenez, "abian dauden zerbitzuetan hobekuntzak” eginen dituzte, "eta zerbitzu berriak bere osotasunean definituko ditugu".

Zerbitzu berri horien artean dago Arabako aldirietako tren zerbitzua, halakorik ez duen Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakarra baita. Batzorde Mistoan sinatutakoaren arabera, Araia eta Manzanos arteko aldiriko trena aurreikusi da. Baina Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Pedro Marcok jakinarazi duenez, "gobernuaren asmoa da aldirietako tren zerbitzu hori Altsasu eta Miranda Ebro artekoa izatea". Horretarako, Eusko Jaurlaritza Gaztela Leon eta Nafarroako gobernuekin hitz eginen du, elkarlanean aritzeko aukerak aztertzeko. Bai Arabako Foru Aldundiak bai zerbitzua hartuko duten herriek Altsasu eta Miranda Ebroren aldeko eskaera egin dute. Arabako EH Bilduk Arabatran deitu duen proiektu horren alde aspaldi ari da. Eusko Jaurlaritza Renferekin bilduko da heldu den astean, eta hark emango baitu zerbitzua, eskariari buruzko azterketa bat egiteko lehen pausoa emanen dute.

Albiste hau GUAIXE hedabideak argitaratu du, eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide