"Urzulo" filma Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia GEU elkartea 2016ko api. 26a, 10:26

Urteetan zehar Oñatiko Urzulo haitzuloa esploratzen jardun duten Aloña Mendi taldeko kideak ez dira aspertzen sartzen diren bakoitzean sorpresa berriak aurkitzeaz. Leize honen urteetako ikerketa eta gaur egungo erronkak erakutsiko dizkigute maiatzaren 18an Oihaneder Euskararen Etxean 19:00etik aurrera. Proiekzioaren ostean solasaldia izango da Xanti Ugarteren eskutik

Sinopsia:

Aloña Mendi Espeleologia Taldeak (AMET) urteak daramatzate Oñatiko Aloña mendizerran sarrera duen Urzulo haitzuloa esploratzen. Badira zenbait urte ikerketa lanak ez atzera ez aurrera gelditu zirela urez betetako galeria baten aurrean. Harik eta duela gutxi, taldeko bi kidek arnasa sakon hartu eta bertan sartzeko erabakia hartu zuten arte. Erabaki horrek erronka berriak ireki dizkie oraingoz mugarik ez duen leize honen ikerkuntzan.

AMETek ekoiztutako filmak 2015eko Bilbao Mendi Film Festivalen “Euskarazko film onenaren” saria eskuratu zuen. Euskal Herriko paraje ilun horietan barrena sartuko gaituzte bidaia zirraragarri batean barrena, gidoi indartsu bat baliatuz eta ilunpetan filmatzearen zailtasunak ezin hobeki gaindituz.

 

 

Maiatzaren 18ko emanaldiaren osteko solasaldian ohorezko gonbitu bat izango dugu.

Xanti Ugarte: filmaren zuzendaria eta AMETeko kidea izango dugu gure artean ondorengo solasaldian. Sorkuntza eta Diseinu Gradua ikasten dihardu gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaztea izanagatik eskarmentu handiko zuzendaria da Xanti, bere bi zaletasunak, mendia eta bideogintza, uztartuz hainbat lan egin ditu dagoeneko (espeleologia, eskalada…), tarteka film laburrak grabatzeko beta hartzen duen bitartean. Berak emango digu horrelako filmaketetan adituak direnen trikimailuen berri bai eta filmaketan zein AMETen urteetako lanetan izandako bizipen eta bitxikerien berri.

Xanti Ugarte Mendi Film Festival

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide