LABURBIRA 2016 euskarazko film laburren emanaldia

Erabiltzailearen aurpegia GEU elkartea 2016ko ots. 21a, 10:21

Otsailaren 25etik aurrera, Araia, Urkabustaiz, Guardia, Gasteiz eta Aiaratik pasako da Topaguneak antolatutako film laburren zirkuitua.

Topaguneak antolatutako film laburren zirkuitua. Euskaraz egindako 8 film labur estreinatuko dira euskal zinegile gazteek eginak. Genero desberdinetako film hauen gidoi zein filmaketa kalitate handiak, begi bistan utziko digu etorkizuneko zinemagintzak euskal herrian duen oinarri sendoa. GEU elkarteak antolatutako BEGI BELARRI ikus-entzunezko zikloaren baitan Florida zinematan emango da martxoaren 7an, astelehenez, 19:00etan. Sarrerak 2 eurotan eskuragarri izango dira emanaldia baino lehen zinematako leihatilatan.

Hona hemen LABURBIRAN emango diren film laburren sinopsiak:

 

ZEA BINGO

Ane Urkiola. Eibar, 1988.

Luxuzko hotel baten harrerako emakumearen pasioa Bingoa da. Bere helburua, ordea, ez da aberatsa izatea.
Baina gau ekaiztsu batean zortea bere alde agertzen da. Bingoa osatzeko zenbaki baten faltan, italiar bikote  bat sartzen da hotelera, harrerako andrearen jokaldia zapuztuz... Baina damutuko zaie, bai horixe!

 

ERREPLIKA

Iñigo Gaiton Gonzalez de Txabarri. Orio, 1987.

Patxi Olidenek “Itxastresna” surf oholak egiten zituen tailerraren gainean bizi izan zen Mikel Agote umetan.  Tailerreko atea erdi irekita ikusten zuenetan, gerturatu eta paretetatik zintzilik zeuden taulei begira geratzen  zen liluraturik. Gaur egun, surfean aritzeaz gain, Mikel oholgilea ere bada ofizioz.

 

JORRAI

Haizea Azpilikueta, Unai Portilla, Asier Ugarte, Egoitz Diez, Eneko Zuberogoitia, Leire Zarate eta Ane Zuazubiskar. "Uda Films"

Hustu, bete eta hustu. Otzara eta erakustazoka, garaian garaikoa.Gazteentzako ikus-entzunezko lehiaketa da Kameratoia. 2005ean antolatu zuen lehen aldiz Euskaltzaleen Topaguneak, eta 2013tik Durangoko  Azokako Irudienea gunean izaten da. Taldeek 48 ordu izaten dituzte, gaia jasota, film laburra sortzeko. Lehiaketaren helburuak gazte euskaldunon sormena bultzatzea eta euren ekoizpen artistikoa gizarteratzea dira. Azken edizioan, 2015eko abenduan, Jorrai filmak irabazi zuen lehen saria.

 

FISHURA

Yago Mateo. Gasteiz, 1993.

Irenek ezin ditu begiak kliskatu. Ez ezin duelako, baizik eta bizitzako une garrantzitsuak galtzearen beldur delako. Arrainak dira, antza, bere egoera uler dezaketen bakarrak. Animalia hauekiko maitasun itsuak etikaren mugak gainditzera eramango du Irene.

 

BERE BIZITZETAKO BAT

Aitor Gametxo. Lekeitio, 1989.

Zinegile amateur batek Parisera egindako bidaia batean grabatutako eta idatzitako material dena bidali zion bere lagun minenari: "Instanteok, filmatuak izanik, ezin izan nituen bizi, eta beraz, jada ez dira nereak" dio zapata-kaxa batean bidalitako lehen oharrak.

 

BRUNILDA

Eriz Alberdi. Bilbo 1979.

Jokinek ez daki bere beldurrei aurre egiten. Ustekabeko bisita batek, bere bizitza betirako aldatuko du.

 

HARTZ TXIKI

Uraitz Soubies eta Ruben Sánchez "The Arlotes filmak". Gasteiz

Eneko 5 urteko seme txikia gauero joaten da gurasoen ohera eta ez die ondo lo egiten uzten. Gurasoek hartz txiki bat oparitzen dioten, berarekin lo egin dezan. Eneko eta panpintxoa berehala egingo dira lagun minak.

 

SEMEAK

Iker Azkoitia. Aretxabaleta, 1987.

Bikote gazte bat edukiko duten semealaben izenei buruz hitz egiten ari da. Umeen heziketak bikotearen kide bati asko arduratzen dio bere ama-hizkuntzaz ezin izango dituztelako hazi. Dena zailtzen da honek etxe-istripu baten ondorioz hizkuntza-transtorno bat garatzen duenean. Kontseiluak eta Donostiako Zinemaldiak antolatutako “Euskaraz bizi nahi dut” lehiaketan profesionalen ataleko lehen saria lortu zuen pasa den irailan.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago