'Miss Karaoke'

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urrutikoetxea 2017ko mar. 29a, 10:13

'Miss Karaoke'. / Metrokoadroka

Miss Karaokeri abesti bat abesteko enkargua egin diote, eta urduri jartzen hasi da. Zer abestuko du Ekitaldi Nagusian, antolatzaile nagusiak eskatuta, mundu guztiaren aurrean? Are gehiago, zer hizkuntzatan abestuko du?

Metrokoadroka eta Pez Limbo konpainien elkarlanetik sortutako obra berriak gizakien dilemak azaleratuko ditu Gasteizko Principal antzokian, apirilaren 5ean. Hain zuzen, antzokiaren laguntzaz ekoiztu dute antzezlana, Donostia 2016ren Dramaturgia berriak deialdiaren baitan. Estreinaldiaren egun handia iritsi aurretik, lan prozesua pil-pilean dagoela harrapatu dugu Oier Guillan, Miss Karaoke obraren egilea. Haren ahotik ezagutu dugu Javier Fernández, Unai López de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Iñaki Ziarrusta aktoreekin batera lagun giroan sortutako pieza bitxia; performancea, poesia bisuala eta umore absurdua oinarri hartuta, identitateaz hausnartzera gonbidatuko dituzte ikusleak.

“Zerk definitzen gaitu? Identitatea aukeratu egiten da, edo identitateak aukeratzen zaitu zu?”. Miss Karaokek galdera horiek ditu buruan bueltaka, bere barne ahotsekin talkan. Obra osatzen duten aktoreek ere galdera horiek dituzte buruan iltzatuta, eta beren duda eta kontraesanak azaleratuko dituzte taula gainean obra honen bitartez. Horretarako, Miss Karaokeren nortasuna desegituratzen saiatuko dira, galdera horietan murgildu eta bi muturren artean dagoena azaleratzeko: “Denok ditugu ideia kontraesankorrak gure barnean, nor garen hori definition eragozten digutenak; kontraesan horiek azaleratzeko asmoa dugu guk. Bi muturren erdian dagoena atera nahi dugu, erdigune horretan mina izango bagenu bezala, puntu zehatz horretan masajea emanez” azaldu du Guillanek.

Diskurtso inpresionistak erabili gabe, aktoreek oso modu poetikoan azaleratuko dituzte kontraesan horiek, barneko gatazkak baretzeko: “Miss Karaoke lasaigarri baten antzekoa izango da; eskemak apurtzen saiatuko gara, barrua askatuz” adierazi du zuzendariak. Guillanek ere baditu kontraesanak bere barnean, gainontzeko lankideen moduan, eta horietaz baliatu da pertsonaia sortzeko: “Generoaren inguruko deseraikuntza eta berreraiketan oinarrituta dago Miss Karaoke, baina baita euskararen ahalduntzearen inguruan ere. Nire kasuan, etxean beti izan dut etorkinaren kontzientzia; euskalduna izan arren, aitona-amonen sustraiak beste toki batean daudela jakiteak gatazka sortzen dit barnean”.

Gasteizen lanean hasi berri direnean harrapatu ditugu, baina aurretik denbora eman dute Miss Karaoke sortzen. Lau aktoreak elkarrekin izan dira Garainonen, erresidentzia artistikoan; bertako egonaldian, elkar ezagutu, harremanak sendotu eta elkarren artean sortu dute obra. “Elkarrekin lan egiten dugun lehen aldia da, eta primeran moldatu gara; ez gara irizpide argirik gabe kontratatutako aktore talde soil bat, prozesua oso bestelakoa izan da. Taldean egindako lanaren fruitua da obra hau, egonaldi horretatik atera diren perla guztien batasuna”.

Ideia zoroei, forma

Egonaldi artistikoan denetik igaro du aktore taldeak; Metrokoadrokako lankideek proposatutako probak gaindituz eta formula ezberdinak frogatuz, erabateko kohesioa landu dute. “Garainonen, mendian galduta, talde giroa eraikitzea lortu dugu. Noizbehinka, kanpotik etorritako norbaitek probokazio bat proposatzen zigun, hala nola, performance bat inprobisatu, oihukatu, isilpean jan… esperimentu pila egin ditugu kontatu nahi genuena definitu arte. Gau batean, esate baterako, karaoke bat eraman genuen baserrira, eta ekipo guztia gau osoan ibili ginen kantatzen” kontatu digu aktoreak.

Guillanek forma eman die egonaldian sortutako ideia zoro horiei, eta bertatik sortu dute Miss Karaoke. Oraindik detaileak zehazten dabiltzan arren, obra pixkanaka forma hartzen doala kontatu digu Guillanek: “Taldekide guztiak gara lan honen sortzaileak; elkar seduzitu dugu, feeling berezi bat bilatuz. Mister Señoraren bestelako prozesu batean oinarritu gara; kasu horretan, testutik abiatu zen irakurraldi dramatizatua; oraingoan, aktoreen lana presentzialagoa izango da, eta sorpresarako gaitasuna izango dugu, obraren gakoa bakoitzak eman dezakeena baita. Beste aktore batzuekin bestelako antzezlan bat aterako litzateke”.

Estreinaldirako hilabete falta denean, egunetik egunera proiektua fintzen doala azaldu digu Guillanek. “Errutina bat hartu dugu lanean; Gasteizen pisu bat alokatu dugu, eta beraz, egun osoa elkarrekin ematen dugu. Gure operazio-gunea etxea da; antzokian, berriz, ordubeteko beroketen ondoren erresidentzian inprobisatutako materialak jaso eta piezak elkartzen ditugu. Big Brotheren antzekoa da hau!”.

 

FITXA TEKNIKOA

Aktoreak: Javier Fernandez, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate era Iñaki Ziarrusta.
Testua: Oier Guillan.
Dramaturgia: Metrokoadroka eta aktore taldea.
Zuzendaritza artistikoa: Javi Barandiaran, Oier Guillan, Metrokoadroka.
Jantziak eta eszenografia: Idoia Beratarbide eta Maria de Bernardo (Marodi sorkuntzak).
Ekimena: Gasteizko Principal Antzokia eta DSS2016.
Ekoizpena: Metrokoadroka & Pez Limbo.
Estreinaldia: Apirilak 5, Principal antzokian (Gasteiz) eta maiatzak 13, Antzoki Zaharrean (Donostia).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago