INSTAGRAMEN IKUSTEN EZ DEN ERREALITATEA - Izaskun Elu

Instagrameko postureoaren hatzaparretan.

⁃ Nora jun ahal gara aurtengo udan?
⁃ Algarvera jutia zer iruditzen jatzu?
⁃ Itzel! Kriston argazkijak ikusi doraz Instagramen!

Horrela hasi zen gure bidaia. Bai, gezurra badirudi ere, Instagrameko idealizazioak eta itxurakeriak engainatuta Algarvera bidaiatu genuen. Ezin imajinatu, ordea, han topatuko genuena. A zer nolako jendetza! Uda izanda jende olde handia espero genezake, baina, zer zen hori? Turisten ilarak nonahi: piraguak alokatzeko, Benagileko kobetara sartzeko, autoa aparkatzeko, hondartzak ikusteko...

Instagramen ikusi ez genituen ilarak, noski! Eta ezin atera argazki bakar bat atzean ez dakit zenbat pertsona agertu gabe. Are gutxiago ilunabar erromantiko batez disfrutatu ondokoen elkarrizketak entzun gabe. Instagrameko postureoaren hatzaparretan erori al ginen? Baliteke.

Badirudi uda sasoia momentu aproposa dela oporraldi perfektuak erakusteko. Nahiz eta ez izan hain perfektuak. Oporren destinoa instagramagarria izatea, horixe da garrantzitsuena. Likes eta followers hitzak aski ezagunak ditugu. Eta hauek lortzeko gure bizitza fikzionatzen dugu, gure jarraitzaileen gustuko
dut baten bila. Denda bat balitz bezala. Edo bestelako saltoki bat. Sare sozialak gure bizitzaren erakusleiho bihurtzen dira. Eta edozein dendak produkturik erakargarrienak eskaini ohi ditu kristalaren bestaldean.

Dena den, gauza batek ez du bestea kentzen, eta bidaiaz asko disfrutatu genuen. Kala eta hondartza paregabeak ikusi genituen, obrigado, boa noite eta ou Tudo bem? moduko hitz portugesak ikasi genituen eta furgonetero batzuk izateko parada izan genuen aste batez. Baina orain kontzienteago gara antzezlan
batean bezala, nork bere rola jokatzen duela sare sozialetan. Guk, gure aldetik, irudi artean ez galtzea dugu erronka.

Izaskun Elu.

1.Benagileko koba - Izaskun 120

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide