Euskaraba Podcast

"Erakutsi nahi dugu ABRAk baduela bere hizkuntza, eta horretarako zerbitzu hau oso baliagarria da"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraba Ataria 2023ko eka. 6a, 11:29

Arabako Errioxan, hainbat upategi eta enpresa Lanabes zerbitzu teknikoaren laguntza jasotzen dabiltza euskara sustatzeko. Horri buruz aritu dira Ahize-AEKko Maialen Begiristain eta ABRAko presidente Itxaso Compañon.

Arabako Errioxan pauso handiak egiten dabiltza lan arloan euskararen erabilera indartzeko. Lanabes zerbitzu teknikoa burubelarri dabil hango upategi eta bestelako enpresei askotariko zerbitzuak eskaintzen: itzulpena, aholkularitza, hizkuntza irizpideak zehazteko diagnostikoa, webgunea itzultzeko laguntza, telefonoz euskaraz artatzeko zein mezu elektronikoak bidaltzeko ikastaroak...

Eta oraingoan, gainera, ABRA upategien elkarteak eta Ardoaren Ibilbideak pauso handiago bat eman dute euskara haien dinamikatan ezartzeko. Lanabes zerbitzu teknikoarekin batera hausnarketa prozesuak abiarazi dituzte eta haien bazkideek galdetegiak erantzun dituzte. Horiekin, Lanabes zerbitzu teknikoak diagnostikoak sortuko ditu ekimen berriak aurrera eramateko.

Ahize-AEKko Maialen Begiristainek azaldu du "pauso txikiak emanez hasi" direla, eta zerbitzua lantzerakoan "haien erritmo eta beharretara egokitzen" direla; horregatik, interesa duten beste upategi eta enpresei ohartaratzen die "beldurrak uxatzeko".

ABRAko presidente Itxaso Compañonek, aldiz, nabarmendu nahi izan du euskarak haien upategietan leku handiagoa izateak duen garrantzia: "Upategiok zerbait bereizgarria eman nahi diogu gure produktuari, eta erakutsi nahi dugu ABRAk baduela bere hizkuntza".

Momentuz honako hobekuntzak egiten dihardute: ABRAren irudian eta antolatzen dituzten ekintzetan euskararen presentzia handitzea eta haien bazkideekin komunikazioa bi hizkuntzatan izatea, besteak beste. Bukatzeko, Compañonek azpimarratu du haiek euskara erabiltzea bereizgarri oso positiboa dela, "produktua lurralde batekin zuzenean lotzen dugulako".

Proba egin nahi duenak, honako e-posta helbidera idatziko behar du: info@lanabes.eus

Albiste hau EUSKARABAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide