Iritzia

Hurrengora arte

Argazkia: PP Alava

"Gure lurraldean gauzak aldatzen doaz, baina oraindik ez guztiz, ziklo politikoak motelak direlako"

Kito! Amaitu dira hauteskundeak. Eskerrak! Hiru aste eman ditugu Arabaz hitz egiten. Nahikoa da, ezta? Igandean gure momentu bereziena izan genuen. Euskal Herri osoa gure herrialdera begira zegoen, hori bai, Araba ulertzeko gai izan gabe. Partida hemen zegoen, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak ateratzen ziren bitartean, arabarrenak berandutzen ari zirela zirudien. "Zergatik doaz hain motel?", galdetzen zidaten urduri. "Biztanleriaren %75 Gasteizen bizi delako", erantzuten nien lasaitasun osoz. Tira, ez dute gure Araba ulertzen.

Azkenean, gure botoa sartu zen, eta EH Bilduk irabazi zituen hauteskundeak. Gure hautagai bizkaitar berria nagusitu zen Araban. Egiari zor, subiranistei ez zaie gaizki joan; oso ondo, baizik. Pastela 25 udalerritan jan dute, eta bitartean EAJk 22 udalerritan soilik. Gainera, min ematen duten bi herritan azukre-triplea duen pastela egokitu zaio EH Bilduri. Garaipena lapurtu diote EAJri Amurrion eta PSEri Iruña Okan.

Lasai, maitiak, oraindik jeltzaleek Lehendakaritzan eserita jarraituko dute, eta sozialistak, hauteskundeak irabazi ez dituzten arren, eskuratu duten botere faktikoa ospatzen ari dira rave batean. Ilusioak ez diezagula analisia lausotu.

EH Bildu hedatzen doa, baina PP lekua berreskuratzen ari da; txanponaren bi aldeei begiratu behar diegu

Aitortu behar da, baita ere, popularrei ez zaiela gaizki joan. Egia da Araba jada ez dela bere gotorlekua, eta hauteskunde hauetan Guardian bakarrik irabazi dutela; baina, gora egin dute Araban eta ultraeskuinak bere eserlekua mantentzea lortu du. Orain biak elkarrekin parrandan dira Dato kalean. Ez dira berri onak! Gure lurraldean gauzak aldatzen doaz, baina oraindik ez dira guztiz aldatu, ziklo politikoak beti baitira motelak. Ez ahaztu hori! Araban hasi berri dugu aldaketa. Hasi besterik ez!

Gure lurraldea ez da politikoki hain aldakorra, orain bipolarragoa da. EH Bildu hedatzen doa, baina PP lekua berreskuratzen ari da. Txanponaren bi aldeei begiratu behar diegu oinarria handitzen dugun bitartean eta lurraldeari errotutako lidergoak eraikitzen ditugun bitartean.

Bihartik aurrera inork ez du Arabaz hitz egingo (arabarrok, bai, noski). Hurrengo hauteskundeetan ere protagonista izango gara, erabakigarriak izango garelako. Hori bai, batzuen ilusioaz eta besteen etsipenaz haratago, Araba azaldu, begiratu eta zaindu beharra dago, merezi duen autoritatea, boterea eta espazioa emanez.

Zuriñe Rodriguez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide