Iritzia

Euskarak min ematen dit

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Rodriguez 2024ko ots. 3a, 10:00
Argazkia: Euskaraldia

"Benetan euskalduna den herri batean bilera bat dinamizatu behar nuen..."

Pasa den astean gaizki lo egin nuen bi gauez jarraian. Estresa zela uste dut. Benetan euskalduna den herri batean bilera bat dinamizatu behar nuen, eta nire konplexu guztiak azaleratu ziren. "Zuzentasuna eta jarioa izan behar duzu". "Kontuz erlatiboarekin". "Esaldi laburrak eta errazak". "Det, dakot edo aunitz esateak rollitoa emango dizu". "Mesedez, kontrolatu ergatiboa". "Ergatiboa!".

Egoera benetan bitxia izan zen. Bertaratutako batek baino gehiagok ez zekien euskaraz –edo ez zuen hitz egiteko gogorik– eta ni bitartean hantxe nengoen, urduri eta ahul. Azkenean bilera elebiduna izan zen, eta hor bai, boteretsu sentitzen naiz. Bi hizkuntza konbinatuz esaldiak kateatzeko gaitasun handia dut.

Euskararekin harremantzeko modu asko daude, eta nirea zaurgarritasunetik da

Aitortu behar dizuet inork ez ninduela gaizki sentiarazi. Izan ere, esango nuke inori ez zitzaiola garrantzitsua iruditu nire ergatibo falta, ezta nire euskara super batua ere, baina nik bi gau eman nituen gaizki lo egiten. Honetaz hitz egin dezagun nahi dut. Nahi baino, behar dut! Hitz egin eta teorizatu dezagun nahi/behar dut.

Beldurraz hitz egin dezagun.

Minaz hitz egin dezagun.

Lotsaz hitz egin dezagun.

Nekeaz eta frustrazioaz hitz egin dezagun.

Euskararekin harremantzeko modu asko daude, eta nirea zaurgarritasunetik da, hori bai, zaurgarritasun aktibo eta politiko batetik. Azken urteetan, jende askorekin hitz egin dut. Batzuk ikasteaz aspertuta daude, eta beste batzuek frustrazio handiegia sentitzen dute erabiltzen dutenean. Gehienei denbora batez entzun diet eta gero errieta bota diet: "Gure hizkuntza da", "ikastea zure ardura da" edo "horrelako iruzkinek ez dute inolako onik egiten".

Ez naiz justua izan. Errieta egin diedan pertsonetatik zenbatek utzi diote hitz egiteari? Zenbat aldiz utzi diot nik hitz egiteari errieta egin didatenean? Joxean Artzeren esaldi famatua esan nezake: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik", baina moldatzea nahiago dut. Hizkuntza batek ez du aurrera egiten ikasi dutenek ez badute bere zaurgarritasunez lasaitasunez hitz egiten. Goazen egitera!

Zuriñe Rodriguez

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide