Iritzia

Zaintza metaleroa da

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Rodriguez 2023ko aza. 10a, 10:00
Argazkia: @Bizitzak

"Ez da gure greba, gurekin egiteko greba baizik! Azaroak 30, greba orokorra"

Ama, txikitxoa gaixorik dago, ezin da haurtzaindegira joan. Etxera etor zaitezke?

Medikuarekin 10:15ean. Lehenago joan, erizainak sendaketak egin behar dizkio. Neba gimnasioan, beraz, zure kontu.

Ez dut uste Ladyren urtebetetze bazkarira iritsiko naizenik. Igande arratsaldeak libre ditut, baina nagusiaren semeak ez dira inoiz garaiz iristen eta ailegatu arte ezin naiz etxetik atera.

Egoitzako langileen batzarrean erabaki dugu grebara goazela. Auxiliarrek, garbitzaileek eta sukaldekoek bat egiten dute deialdiarekin. Hitzarmena lortu arte borrokan egongo gara.

Haurrak Nazaret eskolan hartzen ditut. Txikia teniseko eskoletara eramaten dut eta nerabea ingeleseko klasetara. Gauean dutxatu, afaldu eta ipuin bat irakurtzen diet. Lo seko geratzen direnean gurasoak iristen dira etxera. 8 euro orduko, kontraturik gabe.

Asteartean operatzen dute Nadia, baina ezin naiz berarekin egon. Ez dagokit ospitaleratzeko egunik, ez baita familiakoa. Pisukidea da.

Amona zaintzeko banaketa-koadroa bidali dizut posta elektronikora. Hileko lehen astean izeba Ana arduratuko da, bigarrenean koinata Eva, hirugarrenean arreba Aitziber, eta laugarrenerako neska bat kontratatuko dugu.

"Gizajoa! Azaroaren 30ean, greba feminista OROKORRA dago, eta gizon batzuek emakumeentzat bakarrik bideratuta dagoela pentsatzen dute"

Mobida izan dut nire mutil-lagunarekin. Ez du lanaldi murrizketa hartu nahi. Bere karrera profesionala da bere lehentasuna eta antolatuko garela dio. Nola?

Psikologo bat behar du urgente! Urtea hasi arte itxaron dezake? Horrela aparteko ordainsariarekin ordain dezaket.

Larunbatean, metaleko ordezkari sindikal batekin egon nintzen. Kezkatuta zegoen. Ez zekien nola "konbentzitu" lankideak "gurekin ez doan greba bat" babesteko. Gizajoa! Azaroaren 30ean, greba feminista OROKORRA dago, eta gizon batzuek emakumeentzat bakarrik bideratuta dagoela pentsatzen dute.

Aizue, erraza da! Denok behar ditugu zaintzak (goian adibide batzuk), baina gehienetan guk (emakumeok) soilik zaintzen dugu, senarrarenganako, semearenganako edo aitonarenganako maitasunagatik –edo esklabotzagatik–. Maitasunik gabe ere zaintzen dugu askotan (miseriazko soldata baten truke). Grebaren helburua hori da. Guztiok ardurak hartzea, zaintzaren krisiari planto egitea eta zaintzaren negozioaren kontra altxatzea. Ez da gure greba, gurekin egiteko greba baizik! Ireki Google Calendarra, sortu ekitaldi berri bat: Azaroak 30, greba orokorra. Ez ahaztu ekitaldia gordetzea eta goazen kalera!.

Zuriñe Rodriguez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide