Sexu eskubideak

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2023ko ots. 4a, 10:00
Arg: Pixabay

"Hausnarketarako proposamena egiten dut. Bermatuta sentitzen dut? Nire jarrerekin besteen eskubidea urra dezaket?"

"Berdintasunaren kultura simulatuan bizi gara",  dio Gloria Poyatos epaileak. Sexualitatea aske bizitzea berdintasunaren ildo nagusienetako bat da. Gure zein besteen eskubideak bermatzeko, horiek ezagutu beharko ditugu ezinbestean. Hortaz, hausnarketarako proposamena egiten dizuet. Eskubide bakoitza irakurri eta erantzun. Bermatuta sentitzen dut? Nire jarrerekin besteen eskubidea urra dezaket?

1.-Sexu-askatasunerako eskubidea. Pertsonek beren sexualitatea adierazteko duten aukera barne hartzen du, eta presio, esplotazio eta abusu mota guztiak baztertzen ditu.

2.-Sexu-autonomiarako eskubidea, integritatea eta gorputz-sexudunaren segurtasuna. Sexu-bizitzari buruzko erabaki autonomoak hartzeko gaitasuna barne hartzen du. Gure gorputzak kontrolatzea eta gozatzea ere sartzen da, torturarik eta edozein indarkeriarik gabe.

3.-Sexu-pribatutasunerako eskubidea. Intimitatean gure desio erotikoak adierazteko eskubidea, betiere jokabide horiek besteen sexu eskubideak eragozten ez badituzte.       

4.-Sexu-ekitaterako eskubidea. Sexua, generoa, sexu-orientazioa, adina, arraza, gizarte-maila, erlijioa edo desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala dela-eta sortzen diren bereizkeria-mota guztien aurka egiteari dagokio.

5.- Plazer sexualerako eskubidea. Plazer sexuala, autoerotismoa barne, ongizate fisiko, psikologiko, intelektual eta espiritualaren iturria da.

6.- Sexu-adierazpen emozionalerako eskubidea. Sexu-adierazpena plazer erotikoa baino gehiago da. Bakoitzak bere sexualitatea adierazteko eskubidea du, komunikazio, kontaktu, adierazpen emozional eta maitasunaren bidez.

7.-Sexu elkartze librerako eskubidea. Ezkontzeko edo ez, dibortziatzeko eta beste sexu-elkarte motak ezartzeko aukera esan nahi du.

8.-Ugalketa-erabaki aske eta arduratsuak hartzeko eskubidea. Seme-alabak izateari edo ez izateari buruz erabakitzeko eskubidea, kopurua, bakoitzaren arteko denbora, eta antisorgailuak eskuratzeko eskubidea.

9.-Ezagutza zientifikoan oinarritutako informazioa jasotzeko eskubidea.  Informazioa presiorik gabeko prozesu zientifiko baten bidez sortu behar da,  gizarte-maila guztietan zabaldu.

10.-Sexu-hezkuntza ulerkorra izateko eskubidea. Prozesu horrek bizitza osoan irauten du, eta gizarte-erakunde guztiak inplikatu behar ditu.

11.-Sexu-osasunaren arreta klinikorako eskubidea. Arreta klinikoak eskuragarri egon behar du arazo, kezka eta zailtasun sexual guztiak prebenitzeko eta tratatzeko.

Honetaz jabetzean normaltzat jotzen ditugun diskriminazioak bistaratuko ditu eta aldatzeko aukera emango. Aldaketa txikiek eragingo dute eraldaketa erreala, itxurakerietatik aldendurik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide