Erre ala aurre?

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2022ko aza. 12a, 12:00
Arg: Pixabay

"Gizaki guztiak gara sexudunak, eta prozesu hori maila ezberdinetan gertatuz doazen pausuen emaitza izango gara"

Ezagutza arriskutsua dela uste izan da momentu askotan. Gogoan ditugu naziek erretako liburuak, Savonarolaren "hutsalkerien sua", Copernico eta Galileoren kontrako erasoak, sorginkeriaz salatu eta erretako emakumeak natura eta emakumeon gorputzen inguruko jakinduria handikoak izateagatik, eta beste hamaika adibide.

Aspaldiko kontuak diruditen arren, tamalez sexualitateaz aritzea arriskutsua ikusten dute batzuek egun, eta sexologoak batzuentzako sorgin horien tankerakoak gara. Urteetako lanari esker, irakasle, familia eta bestelako profesionalekin elkarlanean, sexualitateaz aritzean ez garela praktiketaz ari zabaltzea lortu dugu, gizaki sexudun gisa eraikitzeaz baizik. Hala ere, badira oraindik berauen beldur eta aurreiritziengatik entzun nahi ez gaituztenak, gurea arriskutsua izango den ziurtasunez. Horrek, ordea, ez du beraien ardura diren haurrek beste edonon zenbait eduki entzun eta ikustea galarazten.

Badira ere, sexualitatearen kontzeptu zabalagoa hartuta, pertsona guztiontzako bermatu beharreko eskubide gisa hartzen ez dutenak eta sexuen heziketa egitea onartzen dutenak, baldin eta ume zein aniztasun funtzionala duten pertsonekin egiten ez bada. Zergatik? Itzalita den zerbait piztuko dugun beldur direlako. Eta jakin badakigu beldurren aurrean begiak itxi egiten ditugula, horrela izutuko ez garela sinestuz.

Gizaki guztiak gara sexudunak, eta prozesu hori maila ezberdinetan gertatuz doazen pausuen emaitza izango gara. Maila kromosomikoa (XX, XY, XXO, XXY, XXX…), gonadala (barrabilak, obulutegiak…), genitala (alua, zakila, intergenitalitatea…), zerebrala (identitatea), soziala (sexu-esleipena, genero-rolak, bizipenak, ikasitakoa, jasotako mezu eta baloreak…) dira gu garena osatuz joango direnak.

"Dituzten zalantza eta jakinminen aurrean ez-entzunarena egin dezakegu, baina honek ez du beraiek sentitu eta behar dutena desagerrarazik"

Jaio aurretik prozesua martxan da, eta bakoitzaren garapen ezaugarri eta baldintzak bakarrak, bereziak eta errepikaezinak izanda ere, pertsona guztiek eta, beraz, gorputz guztiek, izango dituzte emozioak, harremantzeko beharra, hormonak, aldaketa fisiko eta psikologikoak, mugak jartzeko eskubidea, ezagutza beharra, plazererako grina. Hauek normatiboak izango dira ala ez, baina izan, izango dira.

Errealitate hau baztertu dezakegu, eta ume zein aniztasun funtzionala duten pertsonei ezagutzeko duten eskubidea ukatu. Dituzten zalantza eta jakinminen aurrean ez-entzunarena egin, berauen gorputzen seinaleen aurrean ez-ikusiarena egin…baina honek ez du beraiek sentitu eta behar dutena desagerraraziko, isilaraziko baizik.

Beldurrak begiak estaltzen dizkigu, ezagutzak aldiz ireki. Ezagutza eta heziketak ez du ezer piztuko, dagoena bideratu baizik ez du egingo. Batzuen ezagutza erre daiteke, jakinmina inoiz ez.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide