Sinistu nahi, baina...

'Kilimak' / Erein

"Sexu Heziketa gutxi egiten da; hezteko, informazioaz gain, informazioaren inguruko hausnarketa piztu behar delako"

Genitalen Bidezko Infekzioak (GBI) nerabeen artean areagotzen ari direla ohartu dute pediatrek". Nola da posible informazioaren garaian halakorik? Nola Sexuen Heziketa egiten bada? Nola, familietan sexualitatearen tabuak apurtu badira?... Agian hau sinistu nahi dugu, baina egia al da?

Informazioa bide askotatik jasotzen da, eta jauzi amaigabe eta azkar horretan murgilduta, ia ezinezkoa da aztertzeko eta hausnartzeko parada izatea. Filtrorik gabe barneratzen dira, betiko sinesmen okerrak eta sortutako berriak.

Ikastetxeetan egiten dena ez da behar bezalakoa. Maiz ugalketa gaiari deitzen zaio Sexu Heziketa, bestetan tutoretzetan gairen bat noizbehinka lantzeari, eta kasu onenean profesionalok saio batzuk egiten ditugu ikasle eta irakasleekin. Ahalik eta hobekien egiten dugu, baina ordu batzuekin ezin miraririk lortu.

Familia askotan sexualitateaz beste gaiez bezala aritzen direla egia bada ere, ez dira asko. Batzuek ez dute uste honen inguruko lanketa egin behar denik; beste batzuek arriskuetaz hitz egiten dute eta sexualitateaz hitz egitea beraien seme-alabek beraien intimitatean dituzten joko erotikoak kontatzea dela ulertzen dutenak ere badira. Kasu guztietan oker dira.

Guztiak sexudunak gara, gure genitaletatik eta egiten ditugun praktiketatik haratago. Egi zientifikoetan oinarritutako informazioa behar da, arriskuak zeintzuk diren jakin, baina atsegin handiz arriskuak ekiditeko modu anitzak daudela ere. Sexuen Heziketa gutxi egiten da, hezteko, informazioaz gain, informazioaren inguruko hausnarketa piztu behar delako.

Gorputza zaintzeko hau maitatzen ikasi behar dugulako eta horretarako ezagutzea eta ulertzea ezinbestekoa delako. Ez da praktiketaz aritzea nahikorik izango, joko erotikoak pertsonek pertsonekin egiten dituztelako, baiezkoak eta ezezkoak behar direlako, adosten ikasi, proposatzen ausartu, askatasunez aritu behar delako, eta honetarako guztirako bakoitzak bere buruarekin eroso eta gustura sentitzeko prozesua beharko duelako. Honek guztiak, landu ahal izateko, denbora behar du.

Genital Bidezko Infekzioak, bikote harreman toxikoak, gorputzeko konplexuak, gezurrak sinestea eta ematen diren beste gabezia guztiak desagertzen joateko, Sexualitatea merezi duen moduan lantzen hasi behar dugu. Baina nola? Ikastetxeetan ikasleekin benetako Sexuen Heziketa egiteko beharrezkoak diren pertsonen dimentsio honi buruz baliabideak eskainiz, baina baita irakaslego, familia, mediku, entrenatzaile, begiraleekin… fundamentuzko formakuntza eginez ere.

Gizarte eragile guztiak honetan hezteko prest egon bitartean, haur eta gazteen arretarako zerbitzuak martxan jarri behar dira, beraien zalantza, arazo eta jakin-minei irteera eman diezaieten fidatzeko iturrien bidez, ur guztiak ez baitira garbiak!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide