Informazioa behera, kasuak gora

Arg: Pixabay

"Harrigarria da ligatzerakoan txertoaren informazioa aintzat hartzea eta ez papiloma birusarena edota GIBaren froga azken egunetan egina izatea"

Koronabirusak aldaketa asko ekarri ditu; tartean, harremanetarako aukera murriztu eta ligatzeko aplikazioen erabilera areagotu du. Aplikazio batek pausu bat harago eman nahi du, eta txertoa jasota dugun jartzeko aukera emango digu.

Ulergarria da batzuentzat informazio hau garrantzitsua izatea, baina harrigarria da ligatzerakoan txertoaren informazioa aintzat hartzea eta ez papiloma birusarena edota GIBaren froga azken egunetan egina izatea, adibidez. Jakinda bi hauek genitalen bidezko transmisioz kutsatzen direla,  ligatzeko aplikazioen gehiengo handi batek harreman erotikoak dituela helburu, harreman horien artean koitoa eta genitaletan ahoz egindako laztanak nagusi izango direla, ez litzateke informazio garrantzitsua izango?

Komunikabideen eragina itzela da gure harremanetan, eta pandemiak agerian utzi du. Hiesa aspaldi desagertu zen berrietatik eta gure artean dela ahaztu egin zaigu. Papiloma birusaren txertoa polemikoa izan zen duela urte batzuk, baina 12 urteko aludun pertsonei urtero jartzen diete kasu batzutan umetokiko-minbizia sor dezakeelako, eta ez dugu berriro horretaz hitz egin.

Bi hauek, beste batzuen modura (sifilis, gonorrea, klamidia…) arriskua duten praktiketan kondoia erabiliz ekidin daitezke. Baina arazoa ez da kondoia zertarako den jakitea, erabiltzeko beharra sentitzea baino, eta beharra ez dugu sentituko, baldin eta arriskurik sentitzen ez badugu.

Musukoaren erabilerak koronabirusa hartzeaz libratu gaitzake eta kondoia bestelako birus horietatik, baina ez dugu arrisku pertzepzio bera bi kasuetan. Pandemia egoerak eta etengabe jasaten dugun informazio-jasak alertan mantentzen gaitu. Duela hamarkada batzuk hiesak jendea hiltzen zuen, medikuntza abantailek heriotzak jaitsi eta bizi-kalitatea hobetu badute ere, sendagaitza den gaixotasuna da, ikusezina bihurtu da, ordea; ez dago telebistan, ezta sareetan ere; beraz, askorentzat ez da existitzen.

Pertsonok, orokorrean, arriskuak hautemateko zailtasunak ditugu "niri ez zait gertatuko" ideiapean, eta genital bidezko infekzioen arriskuaren kontzientzia gutxituz joan da. Ondorioz, kasuak igo.

2019an hauek izan ziren igoerak: klamidia %18.7, herpes genitala %66.7, gonorrea %16, sifilisa %35.3 eta hiesaren birusa %7.72. Argi da birus hauek ahaztu ditugula eta honek kaltetu egiten gaitu, gizabanako zein jendarte gisa.

Harreman erotikoak ez ditugu beldurrez bizi behar, desioa eta gozatzearen kontra doalako hori. Baina bai gure burua eta besteena zainduz, hori delako momentua eta ondorengoa gozatzeko modu bakarra. Beraz, ez utzi birus bati emandako oihartzunak besteak ezkutatzen, eta zaindu!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide