Burbuila(k)

Dendarabako 'burbuila'. / A. Martinez de Luna

"Burbuila haren moduan, beste batzuen eztandak ezagutu izan ditugu XXI. mendean".

Dendarabako negozio baten jabeak esan didanaren arabera, 1988ko urrian zabaldu zituen ateak Gasteiz erdialdeko merkatal guneak, hain zuzen ere, gutako askok ezagutu genuen halako lehenbizikoak. Orduko nobedade hartan, nolabaiteko kutsu futurista zuen pieza berezi bat zegoen merkatal zentroaren erdian: Radio Vitoriak jarritako kabina bat. La burbuja izena zuen batez ere kristalez egindako espazio hark, eta handik bertatik emititzen zuen zenbait ordu egunean irrati publikoak.

Kontu jakina da lehengo toki berean jarraitzen duela Dendarabako burbuilak; aspalditxotik, baina, hutsik dago, eta irratiko uhinak ez dira bertatik hedatzen. Egia esan, ez dakit zer izango zuen buruan hura diseinatu zuenak. Nolanahi ere, eta horregatik nioen arestian kutsu futuristarena, nago 80ko hamarraldiaren amaieran egindako apustuak XXI. mendera begiratu nahi zuela, erosteko eta komunikatzeko molde berriak zetozela iradokitzeko asmoz-edo.

Ondotxo dakigunez, lehertu egin zen burbuila hura; ez zuen, gainera, gehiegi iraun. Eta burbuila haren moduan, beste batzuen eztandak ere ezagutu izan ditugu XXI. mendearen hasieran, bai eta segur aski beste batzuenak ezagutuko ere hurrengo urte-hamarkadetan. Tartean egon daitezke, konparazio baterako, hiria berritzeko edota dinamizatzeko proiektu ezinbesteko zenbait. Denborak esango du. 

2018ko urriko orainera itzulita, Dendaraban sartzen naizenetan, Back to the future film amerikarra datorkit akordura. Izan ere, etorkizuna izan behar omen zuen hura iraganean gelditu da. Bizitzaren ironiak tarteko, gero eta iragan urrunagoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide