'Eme fatale'

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2021ko aza. 28a, 10:00
'Las malas'. / Tusquets

"Kutsu ezkorraz aparte, argiak, ausartak, haien gorputzen jabeak ziren emakume gezurti haiek, eta pantailaz pantaila bertute horiek emakumeen artean aldarrikatzea lortu zuten"

Munduko Gerra bukatu eta gero, Hollywoodek femme fatale kontzeptua zabaldu zuen. Gatazka iraun bitartean, AEBetan emakumea lehenengoz hasi zen normalean gizonek egindako zereginetan. Baina, soldaduak bueltan, etxera itzuli behar izan zen. Hitzez hitz. Etxekoandrearen aurreko eredura. Hala ere, ordurako, askeagoa izan zitekeela konturatua zen.

Askatasun hori deabrutzea zen helburua. Femme fatale-ak bezala, emakumeak arriskutsuak ziren independenteegiak zirenean. Adi, gizon! Haien sareetan harrapatuko zaituzte. Adi, emakume! Zeure erabakiak hartzeak zigorra ekarriko dizu. Filmetan, gizonak txarto bukatzen zuen batzuetan. Beti emakume madarikatu haiek.

Duela gutxi, B aldea deskubritu nuen. Ikurra beste alde batetik jaso zen zinemetan. Ideien laborategian egindako krispetak kontrako eztarritik joan zitzaizkien Hollywoodeko konspiratzaileei. Kutsu ezkorraz aparte, argiak, ausartak, haien gorputzen jabeak ziren emakume gezurti haiek, eta pantailaz pantaila bertute horiek emakumeen artean aldarrikatzea lortu zuten.

Ikur prefabrikatuez inguratuak bizi gara. Aspalditik ez diot kasurik egiten beste bati; hau da, Planeta sariari. Carmen Molaren polemikak niri bost. Interesatzen zaien paper bakarra diru-papera da. Bakarrik galdera bat esnatzen zait oihartzuna entzuten dudan bakoitzean: hiru gizon behar dira eleberri bat egiteko?

Biderketa liburudendetara ailegatu da dagoeneko. Botereretsua da errepikapenaren taktika apalategietan. Carmen Mola, Carmen Mola, Carmen Mola…

Eskerrak eskarmentuaren antidotoa daukadan!!

Aspalditik ere emakumeek idatzitako liburuak dira gehien gustatu zaizkidanak. Ez dut nahita bilatu, pixkanaka joan dira agertzen mesanotxean: Chimamanda Ngozie Adichie (Americanah), Sally Rooney (Jende normala), Tara Westover (Una educación), Kattalin Miner (Nola heldu naiz ni honaino?), Diane Ackerman (Una historia natural de los sentidos)... Oso arriskutsuak dira askeak direnean, bai. Argiagoak, ausartagoak, haien letren jabeagoak.

Edo sorginak izango ote dira? Beti harrapatzen naute haien esaldien sareetan...

Ez, zerrenda luzeegia da eta: Tana French (El silencio del bosque), Remedios Zafra (El entusiasmo), Cristina Morales (Lectura fácil)... A zer lan izugarriak. Istorioen antolakuntza. Estiloa. Carmen Mola, Carmen Mola, Carmen Mola…

Edo txarto aukeratuko ditut gizonek idatzitako liburuak? Susmagarria da...

Ez. Ez direlako amaitzen: Camila Sosa Villada (Las malas), Virginie Despentes (Teoría King Kong), Masako Togawa (La llave maestra), Patti Smith (Éramos unos niños)... Emozioak pilatzen dira. Pasarte ahaztu ezinak. Gozamena. Carmen Mola, Carmen Mola…

Bai. Konturatu naiz. Hori da!! Izenak dira. Haien izenak, nire ezpainetan. Ez haien ideien pozoi goxoa. Ez haien talentua. Ez haien sentsibilitatea. Biktima bat naiz. Planeta bat erosi behar dut, haien eragina desegiteko. Edo bi. Edo hiru!

Baina beranduegi da. Beste bat pausatu da gau-mahaian. Harrapatu naute. Haien menpe nago, betirako. Ezinezkoa da, Carmen. Kondenatua naiz, Mola. Txarto bukatuko dut.

Femme. Femmme. Femmmmmmme… Eme amaigabe hori baino ez dut entzuten. Eme, eme, eme… Eme fatale madarikatuak!!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide