Urrezko pipita

Arg: Pixabay

"Asegaitzak dira antzezleak. Jan behar dute, baina beste gose mota bat daukate sakonean"

Antzezleak ez dira antzezleak. Komertzialak dira, herriz herri programatzaileei haien produktua saltzen oihal hotzean. Antzerkigintza ez da antzerkigintza. Sukaldaritzaren itxura du, egunero menu berbera, baina beste egosketa-puntu batekin. Oholtza, zer esanik ez, ez da oholtza, baizik eta anatomia aretoa, gala-txabusinaz jantzitako ikaslez beteta, doktoreak obraren mamia zein burua nola disekzionatzen dituen erne jarraitzen.

Agertokia nonahi. Emanaldia bukatu eta gero, berehala mantentze-lanak hasi dira. Gorputzean, burmuinean, jantzietan, dekoratuan, soinu-ekipoan… Obra bukatu berri da, eta begi bat jartzen da publikoan, bestea materialean pausatzen den bitartean, badaezpada, berriro biltzen hasi baino lehen. Antzerkikoak ikus-entzunezkoetan adituak dira, bideoak, argazkiak eta sare-sozialak jorratzen. Mikrofonoak gerturatu eta, testuaz gain, hedabideen aurrean nola erantzun zintzo ikasi dute, galderak ia beti berdinak dira eta.

Antzerkikoak eskarmentu handiko gidariak dira, bolantean txandaka, kilometroak gehitzen, garraiolari eta bidaiari aldi berean, taximetroari adi. Etxeko kontuetan, aldiz, gutxiegi ateratzen dute. Martxan dagoen antzezlana birpasatu edo hurrengoa prestatu behar dute, bainugelako garbiketa hasi ordez. Hasieran ez dakite gauza horiek guztiak motxilan pilatuko direnik, baina, formakuntza jarraituan murgilduta, beste pertsonaia horiek onartzen dituzte, tabernaria egunez egun psikologo bihurtzen den moduan.

Horrez gain, justifikatzeko, ia lehiatzeko beharra daukate antzezleek. Zergatik behar dugu zure "produktua"? Zergatik zure platera hautatu, eta ez ondoko jatetxearena? Zergatik da egokiena proposatzen duzun terapia kulturala? Zorionekoa zara. Oporretan zaude egunero, hara-hona, txaloz inguratuta, izarra foko azpian, musei kili-kili, Rosetta harriko argotean diru-laguntzak nola harrapatu diseinatzen duzun bitartean. Hori ez da lan egitea, hori ez da "meategira joatea".

Asegaitzak dira antzezleak. Jan behar dute, baina beste gose mota bat daukate sakonean. Egun batean dastatu zuten zaporea. Azalarazten da paseko aurpegi horretan, airean hartutako hitz batean. Gidoiaren lehenengo irakurraldian agertzen da, entsegu batean, edo furgonetako leihoan, bidelagunak barrezka hasten direnean. Gutxi agertzen da, baina itxaroteak merezi du. Ez naiz antzezlea, pentsatzen dute une horietan bertan. Ez naiz zeregin paralelo guzti horiek egiten dituena. Ez naiz tokatzen zaidan pertsonaia... Hori paradoxa hori, ukatzen duten meatzaria naiz, ilunpean, ez naizen horien artean nor naizen bila, kanarioaren paperarekin ez okertzeko itxaropenaz. Alferrikakoa frontala. Fokoek eta flashek ez dute balio. Urrezko pipita barruan ezkutatzen da. Arrazoirik gabeko kilatea. Emozioa. Nire kartzela, nire askatasuna.

Ez. Antzezleak ez dira antzezleak. Horregatik goaz antzerkira. Geu ikusteko. Denok antzezleak gara eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide