Denbor-bor

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2012ko abu. 16a, 02:00

David Mangana

 

Bakarrik nago. Gero eta bakartiago. Horregatik denbora gelditzen da gauero zeruaren erdian...Diotenez, tangoa dantzatzeko lehen besarkada mugimendurik garrantzitsuena da.
Tangoak sekretua izango du ala? Besarkada luze on bat baino momentu handirik ez dago. Denbora ez da gelditzen. Loturak gelditzen du. Taupadak soinubakarrean. Ahoak isilik, baina ez hilik. Musua prestatzen. Begirada luze baten zaporea ia-ia dastatzen. Denborarik gabeko une horiek irakatsi didate denbora zer den. Ustezko benetako bidean ari naizen bitartean, ahaztu egin zait azalatik at dagoena. Hor dago koloreak sortzen dituen argia, pentsamenduak aberastzen dituen hitzak. Besarkadak oparitzen dituzten lagunak. Eta zergatik ezin naiz mugitu? Zergatik galdu du zentzua bizitzak? Zergatik nago triste? Hor dago dena. Ni ere bai...

 

Bakarrik zaude. Gero eta bakartiago. Horregatik denbora azkartzen da egunero burmuinaren erdian...Korrika margotzen duzu agenda. Eta korrika betetzen duzu. Zure helburuak lortzen saiatzen den makina zara. Eta makina helburu daukazu, nahiz eta bizitzan helbururik ez egon. Nahiz eta lasterketa horretan korrikalari bakarra izan. Tiro egiten duzu. Bandera jaisten duzu. Saria jasotzen duzu. Non daude eskuak bostekoa emateko? Txalokatzeko. Laztantzeko. Burkoa hartzen duzu hatzamarren artean. Nahiz eta ohea hutsik ez egon, bi gorputz hutsek berotzen dute. Badakizu, betidanik, sakonean, beti bakarrik izango zarela. Denok bakarrik gaude azkenean, bai. Baina orain ez duzu bakarrik egon nahi. Eta ez duzu zeharkatzen distantzia hori. Bi bihotzen arteko distantzia. Mugimendu horretan. Hor dago dena. Zu ere bai...

Pasa den astean beste 'compro oro'ko denda bat aurkitu nuen hiri erdian. San Prudentzioko perretxikoak bezain azkar jaiotzen dira. Aspalditik zilarra ere erosten dute, etorkuzinaren erritmoa islatzen. Bere ondoan, hogei metrotara, beste bitxitegi bat ere ireki dute. Polita. Distiratsua.

Askotan horrelakoak garela uste dut. Gure aldekontrakoak. Arazoak eta konponbideak ipintzen ditugu mahiaren gainean. Sendagaiak hartzen ditugu gaixotasunik gabe eta ez daukagu sendagairik gaixotasuna ez denerako.

Bakarrik gaude. Gero eta bakartiago. Horregatik denbora galtzen da beti zubiaren erdian...Diotenez, urte gutxitan depresioa izango da munduko bigarren gaixotasuna. Besarkadak ematen ez dakigulako. Korrika, inguruan pentsatu gabe, bizi izan nahiago dugulako. Puentinga egiten dugu zirrara handiren bila eta, oihu egin eta gero, berriro jaikitzen gara errekako zuloan. Beste zubi bat eraikitzen dugu eta, ia zubi erdian gu geurekin elkartzen garenean, berriro ihes egiten dugu. Berriro zulora. Kontua ez da zubiak eraikitzea. Ezta beste aldera iristea ere. Elkartzea. Hor dago koxka. 'Zenbat balio izango duen hamar urte barru erosteko zorian nagoen pisua?'. 'Bikote on bat aurkitu behar dut, bestela...'. 'Ez duzu ezer erosi beherapenetan, baina zertan ari zara?'. 'Ikusi al duzu telebista? Afrikarrak elkarren artean hiltzen ari dira'. 'Manifestaldira joan? Ez, lagunekin elkartzekoa naiz partidu ikusteko'.

Ez daukagu inolako problemarik. Etxea, janaria, dirua poltsikoan. Arazoak eraikitzen ditugu. Asmatzen ditugu. Zaintzen ditugu zulo ezezaguna -edo ezagunegia- mozorrozteko. Hotza, gosea eta pobretasuna gure errealitateak izango balira, non egongo litzateke depresioa? Bakarrik gurera goaz. Eta horregatik bakarrik gaude.

Bakarrik zaude.

Bakarrik nago.

Gau bakoitza azkena bezala bizi behar dugu. Goiz bakoitza, lehena bezala. Bakarrik gu guretzat bizi bagara, zertarako bizi?

Zertarako amestu?

Zertarako bihotz handi hau, denbora galtzen bularraren erdian?

Depresioak asmatzen denbora den'bor-bor'a ezin bihurtzeagatik.

Taupadak egiten.

Bakarrik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide