"Pandemiaren joera aldaketa batean gaude, egoera kritiko batean"

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2022ko uzt. 10a, 10:31
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko farmazia irakaslea da Gorka Oribe. / Alea

Koronabirusaren pandemia ez dela amaitu ohartarazi du Oribek, eta kezka azaldu du immunitatearen apaltzearekin eta birusaren aldaera berriekin. Uste du txertoek herrialde guztietara iritsi beharko luketela, izurria "arazo globala" delako.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko farmazia irakaslea da Gorka Oribe (Gasteiz, 1976), eta zientziarekin lotutako eremu anitzetan ikerlaria ere bai— besteak beste, alzheimerrean, medikuntza birsortzailean eta botiken kutsaduran—. Azken bi urteotan, gainera, buru-belarri dabil Covid-19aren pandemiari buruzko dibulgatzaile lanak egiten sare sozialetan eta komunikabideetan. "Ohartu naiz zientzia ere zabaldu daitekeela eta gizarteari laguntzeko modu bat dela. Ni bezalako zientzialari asko ohartu dira gizartearekin lotura hori izatea ezinbestekoa dela". Pandemiaz eta botiken kutsadurari buruzko ikerketaz jardun du BERRIArekin.

Kutsatze kasuek gora egin ahala zenbait alarma pizten ari dira. Zer egoeratan gaude?

Zuhurra izan nahi dut, baina badirudi joera aldaketa baten aurrean gaudela. Omikron aldaerarekin izugarri igo ziren kasuak, eta maskara erabilita ere erraz kutsatu ginen. Txertaketa maila oso altua izan denez, immunitate handia lortu da, eta, horri esker, joan diren hilabeteak nahiko lasaiak izan dira. Haatik, beste egoera batean gaude orain, une kritiko batean. Aztertu behar duguna da ea immunitate maila hori gutxitzen ari den, BA.4 eta BA.5 aldaera berriak gehiago kutsatzeko gai diren, eta kutsatze maila altuak ospitaleetan zer presio eragiten duen. Duela hilabete batzuk BA.2 aldaerak goraldi bat ekarri zuen kutsatzeetan, baina ez zuen islarik izan ospitaleratzeetan. Ikusteko dago orain zer gertatuko den. Argi dago hilabeteek aurrera egin ahala immunitatea, batez ere antigorputzena, gutxitu dela.

Izurriaren gripalizazioaz eta egoera endemikoaz asko hitz egin da.

Kontuz ibili behar dugu horrekin, gaixotasun endemiko asko daudelako eta oso arriskutsuak direlako. Baina argi esan behar da pandemia ez dagoela amaituta. Uste dut oso jarraipen zorrotza egiten hasi behar dugula, batez ere ikusteko ea aldaera berri horiek ospitaleratze prozesua azkartzen duten, eta, hala bada, zergatik gertatzen den, aldaerak desberdinak direlako edo biztanleriaren immunitatea gutxitzen ari delako. Eta kasuan-kasuan aztertu beharko dugu laugarren dosi bat jartzea beharrezkoa den ala ez.

Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Edurne Begiristainen elkarrizketa hemen duzu osorik ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide