Pablo Martin Caminero

"Flamenkoak asko erakartzen nau, ulertzea lortu dudalako batez ere"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2021ko uzt. 12a, 09:15
Gasteizko Jazzaldian izango da Pablo Martin Caminero. / Berria

Flamenko gitarrista handien piezak jazz hirukora egokitu ditu Martin Caminerok 'Al Toque' diskoan. Kontrabaxua, pianoa eta perkusioa batu ditu gitarra ordezkatzeko. Gasteizko Jazzaldian aurkeztuko du lana.

Flamenkoaren eta jazzaren arteko bidegurutzean dihardu Pablo Martin Caminero musikariak (Gasteiz, 1974), sortzen, eta bide berriak bilatzen. Gasteizko kontserbatoriotik Bilbora, eta handik Vienara joan zen musika ikasketak egitera, eta bertan zela hasi zen barneratzen flamenkoaren unibertsoan. «Jazzarekiko interesa lehenagotik banuen, baina Vienan gitarra flamekoa jotzen zuen erdi-alemaniar erdi-japoniarra zen lagun bat ezagutu nuen, eta harekin hasi nintzen flamenkora hurbiltzen». Bada, kontrabaxu jotzaile gisa bere ibilbideari ekin zionean uztartu zituen bi pasioak, eta, kantu propioak sortzeaz gain, musikari handien piezak ere moldatu ditu, bi generoak batzen dituen eremu horretan gehiago barneratzeko asmoz. Al Toque diskoa da azken emaitza. Gasteizko Jazzaldian aurkeztuko du lan berria, hilaren 15ean, Iradier Arenan.

Paco de Lucia, Manolo Sanlucar, Moraito Chico, Vicente Amigo, Sabicas edo Rafael Riqueniren kantuak moldatu dituzu Al Toque diskoan. Zer dute kantu horiek berezia zuretzat?

Badira urte batzuk Paco de Luciaren kantu bat moldatu nuela taldearekin jotzeko, eta, harrezkero, halako behar bat sentitu dut flamenkoan are gehiago murgiltzeko. Bada, kantu horiek bertsionatzea zen horretarako aukera bat. Izan ere, kantu horiek egin naute musikari, hein handi batean, eta ohartu nintzen gutxitan atera izan direla flamenkoaren esparrutik, eta, are, oso gutxitan jo izan dituztela gitarrarik gabe.

Hiruko formatuan jotzeko egokitu dituzu; zergatik?

Kontrabaxu jotzaile batentzat boskotea eta hirukotea oso formatu desberdinak dira. Hirukotean, logikak dio, musikalki hutsune gehiago daudela, eta, beraz, betetzeko jo behar duzula. Kasu honetan, adibidez, melodia gehiago eramaten dut, solo gehiago egiten ditut... Musikalki ez ezik, teknikoki ere aurrerapauso bat eman nahi izan dut kontrabaxua ulertzeko dudan moduan. Baina hiruko formatura egokitzea erabaki nuen nire sortzeko eta egokitzeko gaitasuna are gehiago estutzeko. Bilaketa eta fintze lan bat izan da azkenean, nire gustuen eta gaitasunen artekoa.

Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Aitor Biainen elkarrizketa hemen duzu osorik ikusgai.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide