Asier Lafuente | Euskaraldia

"Zaila da aurreikustea noraino iritsiko garen ariguneen aktibazioan"

Erabiltzailearen aurpegia Igor Susaeta 2020ko api. 23a, 17:12
Asier Lafuente Euskaraldiaren koordinatzailea da Lautadan. / TOPALDIA

Hurrengo Euskaraldirako simulakro bat egin zuten iaz Agurainen, eta "jauzi kualitatibo bat" eman zuten entitateekin. Lafuente kezkatuta dago horiek, krisia medio, beste kezka batzuk eduki ditzaketelako.

Euskaraldia existitzen ez zenean, duela ia lau urte, haren antzeko ariketa bat egin zuten Agurainen (Araba), 75 orduz euskaraz ekinbidearen bidez. Asier Lafuente (Agurain, 1970) izan zen antolatzaileetako bat. Duela bi urteko Euskaraldian Arabako lautadako koordinatzailea izan zen, eta zeregin horretan jarraitzen du. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginean, antzeko saioen maiztasunaren garrantzia nabarmendu du.

Aurten udazkenean egitekoa den Euskaraldiaren proba gisa, Euskaraldiaren simulakroa egin zenuten iazko urrian, zazpi egunez, Arabako lautadan. Zer helburu izan zuen?

Helburua zen hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesu horretan ariketa bat gehiago egitea. Adituen esanetan, hizkuntza ohiturak ez dira aldatzen egun batetik bestera. Ariketak egin behar dira. Gakoa da zer maiztasunekin egin daitezkeen. Hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugunean, nekatu egiten gara, esfortzu bat eskatzen duelako. Beraz, behar du atseden bat. Baina ariketa horiek behin eta berriro egin behar dira. Iragarri zenean Euskaraldiko ariketa bi urtez behin egingo zela, guk egin genuen hausnarketa izan zen ariketa horiek maizago egin behar zirela. 2018ko Euskaraldia oso positiboa izan zen, eta, jendea gogoz zegoenez, simulakroa egin genuen. Simulatu nahi genuen 2020ko Euskaraldia, ariguneen kontzeptuarekin. Horretarako, 2019an lanketa hori egin genuen entitateetan, proposatzeko, detektatzeko non egon zitezkeen arigune horiek.

Zer ondorio atera zenituzten?

Alde batetik, arigunearen funtzionamenduak kristoren indarra duela, oso eraginkorra dela parte hartzen duten horiengan. Adituek jada esaten ziguten erabaki kolektiboak hartuta askoz ere gehiago eragiten dela hizkuntza ohituretan. Eta, beste aldetik, ikusi dugu gauzak modu lokalean antolatzea beste zerbait dela. Gure sentsazioa da ez zela izan 2018koa bezalakoa. Euskal Herri mailan funtzionatzen denean, kristoren indarra dauka —hedabideetan eta, adibidez—, eta askoz ere gehiago eragiten da.

Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta elkarrizketa osoa hemen duzu ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide