Andre baten bost senide zigortu dituzte, urteetan tratu txarrak emateagatik

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko api. 12a, 10:47
Arabako Lurralde Auzitegiak ia 30 urteko zigorra ezarri die senideei.

6 urterekin hasi zen biktima sexu abusuak jasaten. Aitari jarri diote zigor handiena, hamabost urtekoa; amona eta bi osaba ere zigortu dituzte.

Emakume baten aitari, amonari eta hiru osabari ia 30 urteko espetxe zigorra ezarri die Arabako Lurralde Auzitegiak, hogei urtez andrazkoari sexu abusuak egiteagatik eta tratu txarrak emateagatik. Biktima oso txikia zela hasi zen indarkeria hori jasaten: 6 urterekin; 26 zituenean lortu zuen etxetik ihes egitea. Aitari jarri diote kondenarik handiena: hamabost urte, sexu eraso delitu jarraitu batengatik. Amona, berriz, hiru urte eta bost hilabetera zigortu dute, tratu txar eta lesioengatik; bost eta hiru urte arteko zigorrak ezarri dizkiete osabei, sexu abusu, tratu txar eta lesioengatik.

Martxoan izan zen epaiketa. Urteetan jasandako infernuaren inguruko deklarazio lazgarria egin zuen emakumeak: aitak bortxatu egin zuela 13 urte bete arte, haurtzaroan eta nerabezaroan zehar orotariko tratu txarrak pairatu zituela —apaltzeen eta irainen berri ere eman zuen—, amonak etxeko lanetan esplotatzen zuela, eta, adindun izanda, osabek ukituak eta abusuak egiten segitu zutela. Ahizpa batek berretsi zuen aitak "izututa" bizi zirela familian, eta ama eta alabak "etengabe jipoitzen" zituela. 

Epaileak erabateko sinesgarritasuna eman dio biktimaren lekukotzari: "Argia eta xehetasunez betea izan da; ez du egin kontakizun ikasi bat". Biktimaren zaurgarritasunaz ere jardun da: "Ez zeukan adiskiderik, ezta laguntza emango zion bestelako babes sozialik ere. Etxean, akusatuak nahi zuena egin zezakeen berarekin, eta hala egin zuen". Antzekoa gertatu zitzaion amonarenera bizitzera joatean: "Jostailu bat bezala tratatu zuten".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide