Frankistek Azazetan hildako hamasei presoak omendu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko api. 2a, 16:14
Lore eskaintza egin diete frankistek Azazetan hildako 16 pertsonei.

Hildakoen artean zegoen Gasteizko alkate izandako Teodoro Gonzalez. Bertan izan da Iñigo Urkullu lehendakaria ere.

Araban 200 pertsona hil zituzten frankistek, horietatik 16 Azazetako mendatean, 1937ko martxoaren 31n. Azken horiek izan dituzte gogoan gaur eguerdian toki berean egin duten ekitaldian. Hil zituztenen artean zen Gasteizko alkate izandako Teodoro Gonzalez errepublikanoa.

Bertan izan da Iñigo Urkullu lehendakaria ere, eta nabarmendu du preso haiek "elkarbizitzaren, demokraziaren eta askatasunaren balioak" islatzen zituztela. "Haien memoriari bizirik eusten diogu, eta bat egiten dugu haien ideia eta balioekin: elkarbizitza eta giza eskubideak". Lehendakariaz gain, han izan dira, besteak beste, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Sare Antifaxistako kideak.

Libre uzteko agiria sinarazi zieten Azazetan hildako hamaseiei, eta, ateratzean, falangista, errekete eta guardia zibil talde bat zuten zain. Bi kamionetatan sartu, Azazetara eraman, basoan sartu, konfesatu, eta tiroz hil zituzten. Urte batzuen buruan, ezkutupean, hiru fusilaturen gorpuak berreskuratu zituzten. 1978an, gainontzeko hamahiru gorpuzkiak atera zituzten. Han gertatu zena oroitaraziko duen ikur bat egongo da, gaurtik aurrera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide