ELAk jakinarazi duenez, erantzun zabala ari da izaten gaurko greba eguna. Grebara deitutako lautik hiru greban daudela azaldu du: alegia, %75. Bestelako datuak eman ditu Jaurlaritzak; ikastetxeen %68,35en datuak eskuetan, orain arte aztertutako irakasleen %48,91 daude greban, haren arabera —sare publikoko irakasle guztien %29,78—.
Izan ere, hezkuntza publikoak greba eguna du gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Steilasek, ELAk eta LABek egun osoko lanuztera deitu dute unibertsitatez kanpoko sektore publiko guztietan, hots, Haurreskoletako, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Lanbide Heziketako irakasle, hezitzaile, sukaldari eta garbitzaileak. Mobilizazioaren muinean eskari argi bat dago: Eusko Jaurlaritzak neurriak har ditzala hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko.
12:00etan izan dira manifestazioak, Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki! lelopean.