alea.eus

Enpresetan azaleratutako iruzurra biderkatu da Araban

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Santamaria 2017-03-20 13:38   Ekonomia

Sozietate zergan 53 milioi euroko iruzurra atzeman du foru ikuskaritzak, aurreko urtean baino 40 milioi gehiago.

Enpresetan azaleratutako iruzurra biderkatu da Araban
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Jose Luis Cimiano Ogasun diputatua. /Alea | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Foru Aldundiak enpresen zerga jarduerak kontrolatzeari lehentasuna eman zion pasa den urtean, eta emaitzetan islatu da. Ikuskaritzaren bidez azaleratu den diruaren bi heren zerga horretan aurkitu dute teknikariek. Guztira, 77 milioi euro azaleratu dituzte, eta horietatik 53 dira enpresen irabaziek ordaindu beharreko zergan aurkitutakoak.

2016. urteko iruzurraren aurkako kanpainaren berri eman du gaur Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun ahaldunak. Kanpaina horretara begira ezarri ziren helburuak "gainditu" dituztela apimarratu du. 3.273 dosier ixtea zegoen aurreikusita, eta %14 gehiago izan dira. Enpresen kontrola ere hor ageri da. Itxi diren dosierretan pertsona juridikoei egindakoak %39 handitu dira, eta pertsona fisikoei egindakoak %41 murriztu dira.. Halaber, 60 milioi azaleratzeko xedea jarri zuten, eta %18 gehiago izan dira.

Ikuskaritzak propio egindako bilaketari zergak berrikusita agertu den iruzurra gehitu behar zaio. Guztira, 47 milioi izan dira kudeaketa ekintzen bidez azaleratu direnak. Hortaz, 2016. urtean herrialdean azaleratutako iruzurra, guztira, 124 milioi eurokoa izan da.

Zerga kontuei lotutako delituak ere handitu ziren pasa den urtean. Foru ogasunak zazpi delitu atzeman zituen, aurreko urtean bi izan zirenean. Delitu horietan egotzitako iruzurra zortzi milioi euro ingurukoa izan zen.

Balantzearekin batera, aurtengo planaren nondik norako nagusiak azaldu ditu Cimianok. Informazio trukeari dagokionez, multinazionalen herrialdez herrialdeko emaitzen berri jasoko du ogasunak, irabaziak lekualdatzeko estrategiei aurre egin ahal izateko. Gainera, 2018. urterako BEZaren kontrol jarraia bideratzeko sistema martxan jartzea espero du, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin elkarlanean.

Ekintzen artean, erabilera bikoitza duten software programen kontrako borrokan jarraituko du aldundiak. Gainera, zerga eginbeharrei buruzko unitate didaktikoa heldu den ikasturterako prest egongo da.

Enpresen kontrolean egindako lanean sakonduko dute, halaber. Birmoldatzeak eta kenkariak aztertuko dituzte, eta honezkero zordun diren sozietateei ikuskaritza berriak egingo zaizkie.

Bizkaiko Ogasunak ere kontabilitate bikoitza daramaten enpresen gaineko presioa handitu nahi du. Horretarako, joan den astean iragarri zuen software iruzurtiak erabiltzen dituzten enpresek beren negozio kopuruaren %20aren zigorra jarriko zaiela, eta ez %2arena, orain arteko moduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa