BSH enpresak salgai jarri du Gasteizen duen lantegia

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Santamaria 2017ko mar. 14a, 13:42

BSHren Gasteizko lantegia. /BSH

Bosch multinazionalaren filialean plantxak ekoizten dira, eta 200 langile ditu. Inbertitzaile bat bilatzen hasi dira.

Orain dela bi urte bereganatu zuen Bosch multinazionalak BSH. Siemensek etxetresna atala saldu zion, eta horren barruan zegoen. Konpainiak erabakia justifikatu du negozio eredua aldatu nahi duelako. Hain zuzen ere, plantxak produzitzeari utzi nahi dio aurrera begira. Gaur egun, bi milioi unitate ateratzen dira urtero BSHk Gasteizen duen lantegitik, Ehariko industrialdetik.

Konpainiak azaldu du orain helburua dela inbertitzaile bat aurkitzea. Industria jarduerari jarraipena eman ahal dion eta lantegiaren etorkizuna bermatuko duen erosle bat nahi dute. Salmenta gauzatzen den bitartean, plantxa eredu berriak merkaturatzen jarraituko du BSHk, Bosch eta Ufesa markarekin.

Gasteizen ez ezik, Euskal Herrian beste gune batzuk ere baditu BSHk, Nafarroan. Iruñerrian, Ezkirotzen, hozkailuak eta ontzi garbigaluak ekoizten ditu, eta beste bulego batzuk ditu martxan Huarten, informatika zerbitzuetarako. Plantxak alde batera utzi eta beste negozio batzuk lehenetsi nahi dituela jakinarazi du enpresak, hala nola elikagaiak prestatzeko tresneria, xurgatzaileak eta edariak prestatzeko makinak. Horien bidez hazkunde errentagarria lortzeko aukera handiagoa duela uste du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago