Arabatik datoz albiste onak

Erabiltzailearen aurpegia Rober Gutierrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartea 2016ko mar. 14a, 11:05

Araba, berriz ere, kontuan izateko lurraldea da. Manex Agirrek Jakin aldizkarian (206) idatzitako artikuluan esaten zuen bezala, aldaketa handia eta ikusgarria izan da Arabakoa, euskararen aurrerabidean.

Azken urte hauetan proiektu berriak proposatzen ari dira, bai eta arrakastaz garatu ere: Gasteizko Oihaneder euskararen etxea (oraingoz Gasteiz antzokiaren hanka falta badu ere); tokian tokiko informazioa, anitza eta euskaraz eskaintzen duten Aiaraldea komunikazio leihoa, Hala Bedi irratiaren euskara hutsezko bigarren frekuentzia, Alea aldizkaria eta alea.eus ataria; mintzalagunak, Arabako Bertsozale Elkarteak martxan jarritako Kuadrilla arteko bertso-ekimenak, Lautadako bertso eskolatik sortutako euskal-ekosistema, Gasteizko zenbait auzotan sortzen ari diren euskara elkarte berriak; Baratza edo Gazte Goza Tope modukoak, non euskara eta arte adierazpen bide berriak uztartzen diren; Arabako Errioxan, Durangoko azokarekin batera, lehenengo euskal liburu eta diska azoka antolatu izana; Gasteizko jaietan Zeledon euskaraz jaitsi zela ezin ahaztu, eta abar luze bat.

Baina euskalgintzaz haratago badago beste mugimendu bat ere, kirolean eta aisaldian, euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko ekimen berriak martxan jartzen ari dena, Foru Aldundiko, udaletako eta Kuadrilletako euskara zerbitzuekin batera.

Bestelako foroak ere ari dira abian jartzen Araban. Aurreko bateanAraban Euskara Lanean” proiektuaren inguruan mintzatu nintzaizuen. Bertan, Arabako izaera desberdineko entitateak ari dira parte hartzen (administrazioa, enpresak, euskararen inguruko erakundeak, lanbide heziketarekin lotutakoak, etab.) Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzeko helburu partekatuarekin.

Euskalgintzari dagokionez, Gasteizen aritzen diren zenbait entitate eta pertsona ere ari dira elkarlanean jarduteko saiakera bat egiten, hirian euskararen presentzia handitzeari begira. Gasteizko udalarekin ere lan-mahai bat osatuko da aurki, udalaren eta hiriko gizarte eragileen arteko lankidetza bultzatzeko eta ahalbidetzeko.

Nabarmentzekoa da, halaber, otsailaren erdialdean Aiaraldeko hainbat esparrutako 40 entitatek osatu zuten euskararen normalizazioan elkarlanean aritzeko helburua duen kontseilua, euskararen sustapenaren inguruan ari diren entitate eta norbanakoen parte hartzearekin, hezkuntza, kirola, kultura, aisialdia edo sozioekonomiaren esparrukoak. Hilabeteetako prozesu baten emaitza izan da Aiaraldeko kontseiluaren sorrera. Lehentasunezko bi lan-esparru izango ditu: gazteak – aisialdi – kirola ardatza batetik, eta eskualdean elkarlanean aritzeko gune bat sustatzea, bestetik. Entitate eta norbanakoen bilgune iraunkorra izan nahi du, hainbat helburu garatzeko: egiten den lanaren eraginkortasuna areagotzea, gogoetarako foro bat osatzea, estrategiak diseinatzeko eta gauzatzen laguntzeko euskarriak sortzea, erreferente izatea eta instituzio eta entitate pribatuekiko interlokuzio aktiboa izatea. Honelakoen sorreretan gertatu ohi den moduan, parte hartzen duten entitateek zein instituzioek harrera ona egin diote proiektuari.

Euskararen eta euskalgintzaren ziklo aldaketaz, bidegurutzeaz edo krisi aktiboaz hitz egiten eta luze hausnartzen ari den honetan, Araban ere euskalgintza gogoeta egiten ari da. Hori ahalbidetzen duten guneak ari dira han-hemen sortzen eta nukleo eragile horiek beharrezkoak dira prozesua lideratzeko, hizkuntza-komunitatea artikulatzeko eta gizartean zein maila politikoan eragiteko. Arabako euskalgintza (ere) ari da epe ertain-luzean pentsatzen, normalizazioaren ikuspegitik zer lortu nahi duen zehazteko eta hori lortzen ari den egiaztatzeko.

Lana dago nukleo eragilea osatzetik elkarlanean garatzeko estrategia zehazteraino. Atomizaziotik aldenduta, elkar babestuz eta osagarritasuna bilatuz, fokoa gorago eraman behar da guztion artean zer egin dezakegun pentsatzeko eta ebazteko, esate baterako, hizkuntza komunitatea indartzeko, euskaltegietan matrikula kopurua handitzeko, euskal kulturaren sorkuntzan eta kontsumoan eragiteko, espazio berriak irabazteko, komertzioetan euskararen presentzia sustatzeko, euskaraz dauden komunikabideak erreferenteago bilakatzeko, gure seme-alabei bideratutako eskaintza gero eta handiagoa eta erakargarriagoa izateko, politika eragingarriak aplikatuko direla lortzeko... Azken batean, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko aukerak areagotzeko.

Arabako euskalgintzak ez ezik, Euskal Herri osokoak ere lanean segitu behar du, artikulazioan sakonduz, euskalgintzako entitateen eta pertsonen arteko elkarlan dinamika sortuz, ikuspegia partekatuz, estrategia argi eta adostua etengabe berrikusiz, gizartearen aldekotasuna areagotuz eta lidergoa irabaziz. Normalizazio prozesuaren bizkortzea bermatzeko. Gure ongizaterako baldintzak sortzeko eta hobera egiteko.

Rober Gutierrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago