2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Peru Abarrategik irabazi du Izarran jokatutako lehen final laurdena

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2024ko urt. 29a, 11:00
Izarran jokatu zen txapalketaren lehen final laurdena. Argazkia: A.B.E.

Giro epelean hasi da igande honetan 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Betetako Izarrako Kultur Etxean irabazi du Peru Abarrategik finalerdietarako pase zuzena.

Iritsi da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. XVI. edizioa da aurtengoa, eta berrogei urte betetzen dira Arabako lehen txapelketa jokatu zela. Azken edizioetan irudikatutako ibilbideari jarraiki, Arabako bertsolaritzaren gailurrak irudikatzen dituen paisaia prest, hemezortzi bertsolarik jokatuko duten txapelketako lehen fasea hasi da igande honetan, final laurdenetako lehen saioarekin, Izarran.

Paula Amilburu Izargarai (Aramaio), Danel Herrarte Nafarrate (Aramaio), Eli Zaldua Barquin (Gasteiz), Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio), Ekaitz Samaniego Curiel (Gasteiz) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio) aritu dira jokoan. Lehen fase honetan, hamahiruna bertso puntuagarri kantatu dituzte bertsolariek.

Ariketa guztiak egin ondoren, Peru Abarrategik lortu du puntu gehien (259 puntu), finalerdietarako pase zuzena lortuta. Hiru final laurdenetako puntuazioaren hurrenkeran osatuko dira finalerdiak. Puntuazioak ondorengoak izan ziren:

  • Peru Abarrategi: 259 puntu
  • Aitor Ugarte: 250 puntu
  • Eli Zaldua: 250 puntu
  • Paula Amilburu: 249,5 puntu
  • Ekaitz Samaniego: 242,5 puntu
  • Danel Herrarte: 238,5 puntu

Hamahiru lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik, Olatz Santocildes Martinez izan da Izarrako aurkezlea. Lehen faseko final laurdenetako epaimahaia Ekaitz Elorriaga Anduaga, Aitor Jimenez Tolosana eta Egoitz Iradier Martinez de Albenizek osatuko dute; Endika Jimenez Enbeita, berriz, idazkari lanetan arituko da.

Hurrengo saioa otsailaren 4an izango da Oionen, bertako zinema aretoan, 17:30etik aurrera.

Informazio eta argazki gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide