Laguardia erretiratu egin da

Victor Laguardia Alaveseko ikonoak kluba utzi du Gasteizen bederatzi denboraldi eman ostean.

Alaveseko kapitainak bere erretiroa iragarri du agur gutun batean. Inork ez zuen berria espero; izan ere, igoera lortu eta gero, guztiok pentsatzen zuten ikonoa geratuko zela. Laguardiak 33 urte ditu, eta agian beste hiru denboraldi jokatu ahal zituen, baina supituki futbol profesionaletik erretiratuko dela iragarri du.

Agur, baina betiko?

Laguardiak gutun hunkigarri bat idatzi du bere agurra azaltzeko: "Hau ezin da inoiz izan puntu eta amaiera bat; agian puntu bat eta aparte nire bizitzako ibilbidean, txuri-urdinez tindatutako gorputz eta burudun gasteiztar bat gehiago sentitzen naizelako", adierazi du kapitainak. Beraz, agian etorkizunean ikusi ahal izango dugu barne mailako karguren batean.

Laguardia Alavesen historiaren parte da jada; izan ere, bederatzi denboraldi eta 285 partida jokatu ondoren, zaleen bihotzean leku bat irabazi du. Bere gutunean argi utzi du garai zoriontsu bat izan dela, bere momentu txarrekin noski, baina bere bizitzaren garai onenetariko bat izan dela. Alavesek Laguardia gabe jarraitu beharko du bere istorioa, baina bere legatuak hor jarraituko du betirako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide