Gaztea haiz oraindik

Erabiltzailearen aurpegia Aitor de la Villa 2017ko eka. 16a, 10:16
Araban, euskara darabiltenak %20 inguru dira. / Alea

"Gramatikak berak bakarrik ez du hizkuntzaren erabilera bermatzen, ezta gutxiago ere".

Aurreko ostegunean, irratia goiz partean piztuta genuenok, datu soziolinguistikoetan busti genituen madalenak. Jakin nahi nuke bakarren bati ez ote zitzaizkion kontrako eztarritik joan. Gazteok, jakin bai, baina gero eta gutxiago erabiltzen dugu euskara: Araban, konparazio baterako, euskara darabiltenak (beti edo ia beti, %4,4; gaztelania baino gehiago, beste horrenbeste eta bi hizkuntzetan berdin, %12,3) doi-doi heltzen dira-gara %20ra. Hamar gaztetik zortzik euskara folklorearen bazterrean uzten dute.

Badago zer hausnartu. Nola liteke Korrikan makina bat gazte furgonetaren atzetik "tipi-tapa" garrasika egotea, hesteak bota beharrean, baina ondorenean erdara hutsera jotzea? Edo Araba Euskarazen "hiru kaña eta bi solomo-gazta" esatea barran dagoenari —euskaldun petoaren plantak egiten—, ondoan duzunari "vamos al gune 5" esan eta gero. Pankartekin, gauza bera. Lagun zahar batek esan ohi dit euskara ezpainetan egon beharrean, staedtlerreko arkatzetan dagoela haurtzaroan, bic boligrafoetan nerabezaroan eta edding errotuladoreetan gaztaro betean. Ezpainetan, erdara, barra-barra.

Beharbada hizkuntzaren ikasketa formala, huts-hutsean, ez da nahikoa. Materialitatea, eduki semantikoa eta diakronia bera ez dugu behar adina landu; gramatikak ez baitu berak bakarrik hizkuntzaren erabilera bermatzen, ezta gutxiago ere. Fetitxe bihurtu dugu gehienetan: "gramatikalki aditua den batek ez du kalean hitz egiteko zailtasunik". Ez da egia. Bizitasuna behar du euskarak, formalitateaz harago. Lagunarteko komunikazio-tresna izan behar du, naturala, ludikoa. Hori gazteon lana da, baina ez era esklusiboan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide