Esperantzatik esperantora

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2021ko ira. 18a, 10:00

"Cabrera linguistak askotan aipatu duen gazteleraren supremazismo linguistikoan kokatzen dut problema"

Euskara formazio perfektuenetarikoa duen hizkuntza dela esatera iritsi zen hizkuntzalaria izan zen Wilhelm von Humboldt. Adierazpenen ausardiak eta laburtasunak, hitzen egiturak eta euskara beraren indarrak harrigarria egiten duten mintzaira gisa deskribatu zuen filosofoak. Txundigarria, miragarria eta miresgarria dugu, bai, eta horretaz aparte, beti da albiste euskara.

Azken astean eztabaidagai izan dira adibidez, eta oraindik izango dira, ISEIren azken txostena eta D ereduaren ustezko porrota eta VOXen eskutik EAEko Udalen Legea Konstituzionalera iritsiko dela. Titularrei bakarrik erreparatuta, ez dugu ziurrenik beraien arteko erlaziorik aurkituko, funtsean baina, euskal hiztunon komunikazio sistema da arazoa bi kasuetan antza. Alabaina, afera bakoitzari modu ezberdinean eragiten diola ikusten dudan arren, beste irakurketa bat egiten dut nik, eta, Juan Carlos Moreno Cabrera linguistak askotan aipatu duen gazteleraren supremazismo linguistikoan kokatzen dut problema.

Katedradunaren ustez, estatuko hizkuntza gutxituek gora egin duten heinean hartu du indarra espainolismo linguistikoak. Euskararen, katalanaren edota galegoaren ikusgaitasun eta beharrak gora egin dutenean, nazionalismo linguistiko espainola deritzona sortu da automatikoki. Funtzionatzen ari den formula "Zuk nire hizkuntza ezagutzen duzu, beraz ahaztu ezazu zurea" omen da. Bada, horixe bera ikusten dut nik ere aipatu ditudan bi gaietan.

Eskola umeen kasuan, gora egin du jatorri atzerritarra dutenen kopuruak, baita D ereduan matrikulatuenak ere. Lagina handitu egin da beraz, eta horrek, ereduak duen arrakastaren ehunekoak behera egitea ekarri dezake, are gehiago segregazioaren aldagaia kontuan hartzen badugu. Komunikaziorako tresna da hizkuntza, eta, umeek bide errazari heltzea ez da harritzekoa. Eskolak egungo testuingurura egokitu behar duela argi dago, baina D eredua porrota dela esatea gehiegizkoa deritzot. Hala, albisteak aipatzen duen txosten horretan jasota dauden beste datu batzuk kontuan hartzen baditugu, eredu horri esker gaur egun elebidunak garenak asko garela ondorioztatu baitaiteke. Nola egin du bestela euskaraz irakasteko gai direnen ehunekoak gora? Lerro hauek idazten ari den honek adibidez, gazteleraz komunikatzeko gaitasuna izatea D ereduari zor dio besteak beste. Hori horrela izateko, gazteleraz ere bizitzeko beharrak bere eragina izan du jakina, baina eskola garaian jarraituriko ereduari ezin bere garrantzia ukatu. Bai, gazteleraz ere bizitzeko beharra idatzi dut, hortxe kokatzen baitut nik gakoa, horren ederra deritzodan eta askotan lortzea horren zaila den orekan hain juxtu.

Mitxelena hizkuntzalariak berak ere bazekien jarraitu beharreko bidea etzela soilik euskaraz mintzatzea. Tragikotzat jo zuen izan ere, horri heldu eta, euskaraz bakarrik hitz egitea nahi izatearen ghetto linguistikoan erortzea. Udalen Legea auzitara eraman dutenek baina, hizkuntza gutxituen erabilera da zoritxarreko ikusten dutena. Euskararen ikusgaitasunak, erabilerak eta beharrak gora egin duten garai hauetan, ezin dute ulertu gure hizkuntzaren eta gazteleraren erabilera parekoak izatea besterik ez dugula helburu euskal hiztunok, eta, hori lortzeko ezinbestekoa da administrazio arteko euskarazko komunikazioa zalantzan ez jartzea. Zertarako bestela koofizialtasuna? Ez al dago ideia hori hizkuntza desberdinek maila berbera izan dezaten pentsatua? Teorian behintzat hala dela irizten diot, baina praktikan, egunero ikusten dut tamalez ez dela horrela. 

Momentuz ezin nik Hezkuntza Lege berriak elebitasunarekiko zein hobekuntza ekarri dezakeen jakin, ezta Auzitegi Konstituzionalaren erantzuna euskararentzako, eta ondorioz elebitasunarentzako, ona izango den aurreikusi. Baina zalantzarik gabe, esperantzatik esperantorako bidea egin nahi ez badugu, ildo guztietako segregazioa gainditu, eta, euskara ahal dugun modu, maila eta aldi guztietan erabili beharko genuke guztiok, horixe baita euskara beharrezkoa egin, eta, Humboldtek gure hizkuntzaren desagerpenaren inguruan egindako iragarpenari aurre egiteko bide bakarra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide