Zaharrak berri

Arg: Santo Tomas Lizeoa

"Eskolak ezberdinak berdindu egiten du, sozializatzen erakusten du"

Behin batean bazen telelanarekin amets egiten zuen emakume bat; irratia bidelagun, autoan igarotzen zuen denbora hori zertan aprobetxatuko zuen planifikatzen egiten zuen lanerako bidaia. Buruan irudikatzen zuen egoera idiliko horretan, burutik pasatzen zitzaizkion amets eta plan oro egingarriak ziren. Bapatean, ordurarte albistegietan bakarrik entzuten zuen birus bat zela medio, lantokiko ateak itxi zizkioten,  eta horrekin batera ikastetxeak, eguneko zentroak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak artatzen dituzten zentroak. Bada, hura poza emakume eta ama langilearena! Egun batetik bestera, buruan zerabiltzan plan horiek guztiak gauzatzeko bidea eta aukera ikusi zuen.

Bakoitzaren testuingurua ezberdina eta bakarra da. Aldiz, Covid-19 gaixotasunari aurre egiteko bizitzea tokatu zaigun itxialdiak guztion egunerokoa bihurtu du kaosa; gure protagonista, bere seme-alabak eta beraien planak eta errutinak barne. Birusak zaintza sare publiko osoa jarri du hankaz gora, eta horrek orain arte ezagutzen genuen Eskola birmoldatu du.

Behartutako eraldaketa horrek aurretiaz probarik egiteko aukerarik izan ez duen Eskola Hibridoa ekarri digu. Egun batetik bestera inposatu ziguten eta hiru hilabete daramatza jada gure artean. Dirudienez, gainera, presentzia gehiago edo gutxiagorekin, baina gelditzeko asmoarekin iritsi den eskola modua dugu.

Eskola garrantzitsua da, eskola beharrezkoa da, eskola guztion eskubidea da, eta horrekin batera Eskola Publikoa eta Hezkuntza Sailaren benetako gidaritza ezinbestekoak! Eskola ez da edukiak barneratzea bakarrik, eskolak ezberdinak berdindu egiten ditu, eskolak askori egunean gutxienez janari bat izatea bermatzen die, eskolak sozializatzen erakusten digu, eskolak taldearen garrantzia erakusten digu...

Horrenbestez, istorioko ama langileak bere telelana aurretiaz planifikatzen zuen modu berean, gaur ekin behar diogu datorren ikasturtea planifikatzeari! Ez bihar, ez etzi, ez hauteskunde ostean! 19/20 kurtsoaren amaierak ahalegin handia eskatu digu irakasle, guraso eta umeen zaintzaz arduratzen garen kide guztioi. Horrexegatik bada, erabili balizko simulakro gisa azken hiruhileko hau eta ekin iezaiozu benetako plangintzari! Karguan karga doa Uriarte andereñoa, eta zaharrak berri izan ez daitezen, Hezkuntza Komunitatea osatzen duten eragile guztiekin batera, has zaitez etorkizun hurbilean aurki ditzakegun eszenatokiak identifikatu eta horientzako soluzioak bilatzen! Has zaitez beharrezkoa den gidaritza egiten!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide