Txikitasunetik

"Telebista jarri eta albistegi guztietan zaude, mugikorrean etengabe zure inguruko mezuak..."

Ordenagailua piztu eta nabigatzailea ireki orduko agertu zara, telebista martxan jarri eta albistegi guztietan zaude, aisialdi programetako elkarrizketatu guztiek ezagutzen zaituzte, mugikorrean etengabe jasotzen ditut zure inguruko mezuak… txikia, ttipia eta txikerra zara, begi bistaz ikusezina zara, baina zure txikitasunetik guztiongana iristeko ahalmena daukazu eta halaxe egingo duzula adierazi diozu munduari.

Txantxak tartean edo horrelakorik gabe, askotan entzundako esaldia dugu tamainak garrantzirik ez daukala, eta oraingoan, baieztapen hori egia borobila dela argi geratu da; hezkuntza, osasuna, ekonomia, klima-aldaketa, airearen kutsadura... imagina ditzakegun alor guztietan izan duzu eragina, zure nimiñotasunetik abiatuta, horietan guztietan eragiteko ahalmena daukazula erakutsi diguzu.

Aurretik ere ezaguna zinen, Gasteiza iritsi aurretik ere hor nonbait bazinela bagenekien, business class-ean bidaiatuko zenuelaren jakitun ere baginen baina… izurritea lehenago eteteko, gobernuak neurri eta kontrol zorrotzak hartzea eskatzen zuen. Politika neoliberaletan harrapaturiko gobernu batentzat pentsaezinak ziren neurriak behar ziren eta premiazko erabaki horiek berandu iritsi dira. Bizi dugun krisi honek bada, agerian utzi ditu gure politikarien lehentasunak eta inoiz baino nabarmenagoa da, aurrekontuak osatzerakoan, osasunari eta ikerkuntzari aplikatzen zaien austeritatea zenbaterainoakoa den.

Koronabirus SRAS deritzona ez da berria; 2002-2004. urteetako agerraldiak, adibidez, 8098 kasu eta %9,5eko heriotz-tasa utzi zituen bidean. Zientzialariek birus mota honek zuen arriskuaz 2002. urtean ohartarazi zuten, horrela, birusa hobeto ezagutu eta modu berrietan agertzea ekiditeko helburuarekin, ikerketa-programa zehatzak proposatu zituzten. Tamalez baina, gobernuek uko egin zioten horiek finantzatzeari. Erabaki politiko horrek zentzugabea dirudi gaur, baina aldi berean, guztiz egokia da horren beharrezkoa den ikerketa hori industria farmazeutiko pribatuen esku uzteko.

 

Horiek horrela, ozen esan dezakegu beraz, tamaina kontua ez dela, argi daukagu beti dela lehentasun kontua. Horrenbestez, identifika itzazu gure politikarien lehentasunak zeintzuk diren eta konturatu zaitez, bozka ematen duzun bakoitzean, zure txikitasunetik aldaketa bultzatzeko aukera daukazula!

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide